Arraiozko bestek hasiera ederra izan zuten atzo. Goizeko 12.00etan Oinatz Arraztoak altxaferoa piztu zuen. Jarraian, herriko eskolako zenbait haur, etxez etxe banatutako programaren egileak, hain zuzen, izan ziren protagonista: Aiora Arraztoa, Alaitz Urrutia, Aisha Zubieta eta Jon Villanueva, bestetako programaren azalaren egileak, eta Nahia Lazkano, Ekain Zubieta, Enea Mindeguia eta Unax Gamio kontrazalarenak.

Hala, lau egun iraungo duten bestei hasiera eman zieten arraioztarrek. Txistularien musikarekin eta eguzkiak lagunduta, oso gustora pasa zuten goiza herritarrek. Ondotik, bestetako murala margotzeaz gain, haurren jokoak ere izan ziren. Jarraian, haurren bazkaria izan zuten eta guztira 47 haur eta 25 heldu elkartu ziren.

Bazkalondoan haurrendako puzgarriak, jokoak eta txokolate jatea izan ziren. Arratsaldez, Tukutuku txarangak lagunduta herriari itzulia eman zioten, mutil dantzekin jarraitzeko. 21.30etan, 170 pertsona elkartu ziren umore onean baztan zopak afaltzeko. Azkenik, Gabenara taldearekin gaupasa egiteko aukera izan zuten arraioztarrek.

Gaur, 18.00etarako programatuta dagoen herriko dantzari ttikien eta gaztetxoen emanaldia eta gaueko giroa izanen dira egitarauko ekitaldi nagusiak. 19.30tako Hauspolarien emanaldiaren ondotik, gauerdian, Xakun elektrotxarangak eta baztango DJ Xuritabeltzek dantzan jarriko dituzte herritar eta bisitariak. Gainera, Baztango Gizarte Zerbitzuek gan-torri zerbitzua antolatu dute bestak segurtasunez eta eroso gozatu ahal izateko.