Iragan astelehenean Urkullu lehendakariak eman zuen hitzaldian Jaurlaritzaren konpromisoak aipatu zituenean duela bi hilabete argitaratutako Kontingentzia Energetikorako Plana etorri iztaidan gogora.

Proposamen interesgarriak eta ondo josiak ezagutzen ahalegintzea baino errazagoa da topikoetan norbere burua nahastea, jakin arren zurrunbilo horretan ez dagoela aurrerabiderik. Energia aurreztu, prezioa jeitsi, kontsumoaren eraginkortasuna hobetu, iturri berriak abian jarri baina gure etxe ondoan ez, …. denak ontzat ematen ohitu gara, batzuen eta besteen onurak edota euren arteko kontraesanak pentsatzen geratu barik.

Euskadik energiarekiko menpekotasun handia du; kanpotik datorkigu gure enpresek, zerbituzek eta eguneroko bizitzak berak ere, eskatzen diguten energia gehiena. Badira, bada, premiazko eginkizunik. Energiarekiko menpekotasuna urritzen joatea da bat baina energia ez da ez sortzen ez suntsitzen, eraldatu baizik. Eta justu horixe da lana, ahal den gutxien alperrik galduz eraginkortasunez eraldatzea. Burujabetzak aurpegi asko ditu, are gehiago epe erdira eta luzerako ere denon ongizatea nahi dugunontzako. Halere, egungo egoera ezin da ahaztu eta, garbiro eraldatzen den energia kontsumitzen hasiaz batera, orain darabilguna jeisten joan behar dugu eta kontsumo urriagoz bizitzen ikasi.

Gai hauek eta gehiago azaltzen eta zehazten ditu alderdi politiko, gizarte eragile eta erakunde aditu hainbatekin landu eta Jaurlaritzak onartutako Euskadiko Energiaren Kontingentziarako II. Planak.

Denbora behar da bere edukiaz ongi jabetzeko. Nazioarteko testuinguruan kokatzen da; jasangarritasuna lortze bidean zailtasunak izango dituzten udalerri, enpresa eta giza-taldeak kontutan hartzen ditu; egiturazko neurriak aurreikusi eta denboralizatzen ditu. Honek guztionek bihurtzen du irekia, malgua eta, erronka nazionalei tokatzen zaienez, maila anitzeko gobernantzara irekitako dokumentu bizia. Merezi du bere irakurketa pausatuak.