Harrigarria nolako euskarafobia bolumena pairatu behar dugun Euskal Herrian. Euskararen kontrako erasoek ez dute mugarik, eta orokorrean, supremazismo politikoak elikaturik erabat ilogikoak dira.

Duela gutxi Mañeru herriaren kasua agertu da hedabideetan. Bertako Udalak aho batez eremu mistoan sartzeko eskaria egin zuen, euskara egunerokotasunaren erraminta baita bertan, eta han gero eta gehiago dira euskaraz ikasi nahi duten umeak. Baina gorrotoaren hatzaparrek txikitu egin dute herri horretako ilusioa, Nafarroako Parlamentuan Navarra Suma eta PSN alderdiek atzera bota baitute eskaria.

Harrigarria bada ere, eremu ez euskaldunean derrigorturik egon beharko den haran horretako herri bakarra izango da, alderdi horien politika progresistari esker. Betiko arrazoi ulertezinei heldu diete ezezkoaren pisua nabarmentzeko, eta beren errealitate linguistikoa defendatzeko: “Nafarroako eremu jakin batzuetan, eremu mistoa zabaltzeak mugatu egiten ditu euskara ama hizkuntza ez duten nafar gehienen eskubideak”. Espainolen eskubideak kinka larrian egongo dira herri horretako pertsona multzo batek euskararen presentzia aldarrikatzen baldin badu. Espainolena bai, euskaldunena ez.

Errepikatu behar da aho batez erabaki zela aldaketaren eskaria egitea, horrexegatik mingarriago da hango Parlamentuak bere kideen borondatea errespetatu gabe ezekoa esatea, orain ez omen da zonalde mistoa handitzeko une aproposa. Noiz, orduan?

Euskararen sustapena bultzatzeko ez dago inolako borondate politikorik, baina bai bere hedapena oztopatzeko ekimen aktibo bat.

Egunotan ere beste adibide ilogiko horietarako bat ezagutu dugu euskararen kontrako sitsaren inperioan. Badirudi ezin dela Konstituzio plaza esan, eta gaztelania hutsean bota behar dugula kokapen hori, epaile argi batek esan baitu ezin dela hitz hori itzuli. Baina agindu sinple eta lerdo horren atzean, eta Anjel Errok ondo esan zuen moduan, hizkuntza unibertsalaren izaera ukatu nahi diote euskarari.