Azken, azkan, atzan, atzen edo gibelean sinonimoek berariazko esangurak dituzte Euskal Herri zabalean. Euskara Batuaren sortze-garaian ikasi genuen euskaldun askok gure eguaztenaren jatorria egun-azkena zela.

Lagun batek sarritan kontatzen du urte horietan Ondarroako ikastola batera irakasle joan zenekoa. Lehen eguneko azken klasea amaitzean zintzo-zintzo doaz ikasleak hiladan jarri eta ikasgelatik ateratzen: “Azkanak atxiakar” esaten zion batak bestari atea gurutzatu orduan. Irakasleak, behintzat, hori entzuten zuen. Azkenak zer egin behar zuen zain geratu zen. Eta zer egin zuen? Atea itxi. “Azkanak ati itxitxi akar” ikasi zuen esaten Urkiola inguruko irakasle gazte hark (“Azkenak atea ixtea dauka”).

Azkenak ematen dabil hauteskundeen kanpaina ere. Ezagutzeko gaude oraindik politika egiteko “beste modu bat” iragartzen dabiltzanek zer eta, batez ere, nola garatu asmo duten modu berritzaile hori. Azken eguna da-ta, agian gaur jakingo dugu. Eskertuko genuen, eta asko, hautagaitza guztiek azaldu izan balute azken lau urteetan egindakoa, agintean zein oposizioan egon, alde bietako politikariei baitagokie jardun publiko eraikitzailearekiko konpromisoa, ez soilik agintea hartzeko konfiantza izan zutenei.

Euskal soziometroak behin eta berriro erakusten du Euskadiko egoera politikoa eta ekonomikoa balioztatzeko eta inguruarekiko erkatzeko hartzen dugun erreferentzia nagusia Europa dela. Azken neurketan azaltzen da Euskadiko Autonomia Erkidegoko herritarren %75ak bere lan-egoera ontzat eman arren, hilabete-amaierara ailegatu ezinean bizi dela %30a. Azpimarratu du sakonki kezkatzen gaituzten osasunaren, etxebizitzaren, hezkuntzaren edo seguritatearen konponbideak eta hobekuntza-prozesuek autogobernuaren garapena dutela ardatz.

Etzi hasita, alderdi bakoitzak aztertuko du gizarteak eman dion konfiantzaren gakoak zeintzuk diran eta ondorioz bere jarduna egokitu egingo du. Horixe da erakunde demokratikoen erantzukizuna. Horixe herritarron itxaropena.