María Guardiolak, Extremadurako PPko hautagaiak, hitza eman zuen lehenbizi eta, ondoren, bere hitza jan du. Ausardia handia erakutsi zuen lehenbizi eta, ondoren, koipekeria. Irmotasuna agertu zuen lehenbizi, Espainia osoarentzako eredugarritzat har zitezkeen hitzak esanda, eta, ondoren, inork ere jarraitu beharko ez lukeen saldukeria. Zeren eta politikaria alderdiari leial izan beharko zaio, ezbairik gabe. Alderdiaren baitan, bateko eta besteko kideek, uniformitate bat erakutsi beharko dute (ez dezaten atomo libreek osotasuna kolokan jarri).

Kontua da, zergatik Gordejuela andrea ez den erretiratzen. Kontua da, PP alderdiak zergatik ez dion erretiratzeko eskatzen. Kontua da, Gordejuela andreak zer nolako kanpainari eutsi behar dion uztailean. Nola azaldu behar dituen bere lehenbiziko hitzak eta ondotiko zuzenketak. PPren baitan ere bi PP daudela agerrarazi dezaketen galderei nola erantzungo dien. Zergatik PP alderdiak arrisku hori hartuko duen. Arriskurik hartuko ez badu, hauteslegoaren galderen beldur ez delako izango ote den.

Extremadura gure etxetik urruti samar dago eta, beharbada, ez gara Extremadurako boz-emaile bezala sentitzen. Ez gaitu gaiak zuzen-zuzenean kolpatzen. Beharbada, horregatik ez da gurean ahotsik goratu. Baina epatatu ere ez gaitu egin. Eta aulki beretik darraigu. Nago, Extremadurako kaleetan ere ez dela harrabotsik izan. Eta galdetu nahi nuke zergatia.

Gurean, hitza, hitza da. Hitza ez da jaten, maila goragoko arrazoi batengatik ez bada. Eta halakorik ezean, baztertu egiten zara, baina zure hitzaren jabe. Horrek egiten baitzaitu nor. Edo bestela esanda, hitzik gabe, ez baitzara nehor. Eta nehor ez denak zail du agintzen, txotxongilo izan gabe.

Gordejuelak gure XXI. mende honetan hain ohikoa dugun mirabekeria eta saldukeria makurrenaren kapitulu bat gehiago idatzi du. Argi geratu da emakumezko ausartak bozkak lortzeko baizik ez direla libre uzten. Eta gainontzean, kate motzetik darraigula nekez bizitzen. Hitza kontrako eztarrian kateatuta.