Sartu da emakumea, beste bi lagunekin, Donostiako Ogi-Berri okindegi-kafetegien kateko lokal batean. Eta lagunek mahaia aukeratu ostean, mostradore atzean dagoen zerbitzariari euskaraz egin dio komanda: bi kafesne eta ebaki bat. Zerbitzariak, nikaraguarra jatorriz, itzultzeko eskatu dio, ez diola ulertzen eta. Emakumeak, hitz gozoz, erraza dela erantzun dio: bi kafesne-dos cafés con leche, eta ebaki bat-un cortado. Erraza dela euskara ikastea. Nikaraguarrak, aurpegiera mudatuta, “bai, euskaraz ikasiko dut nik” marmarikatu du ahopean. Edonork asma lezake nikaraguarraren burutik zer pasatu den: bera ez dagoela horretarako edota eskatutakoa ondo zerbitzatzeaz gain, zer gehiago eskatu behar ote zaion. Emakume bezeroak erantzun posible guztiak pasatu ditu burutik, baina nikaraguarrari aurpegira begira gelditu zaio, etorkizunean Ogi-Berriko bezero izaten jarraitzeko arrazoirik ba ote duen galdezka bezala.

Kafetegiko mahaietako batean gizonezko senegaldar bat dago eserita, gosaltzen. Eta senegaldarra euskaldunaren eta nikaraguarraren arteko elkarrizketan sartu da, baietz esanez nikaraguarrari, euskaraz ikastea oso erraza dela. “Nik kalean ikasi dut” adierazi dio. Senegaldarraren hitzen atzean uler lezake batek, euskaraz errazago salduko duela esaten ari zaiola nikaraguarrari, saldu nahi baldin badu ahalegin apurra egin beharko duela, edota ikasi nahi duenari gogo onez irakasten zaiola. Berak, kalean ikasi baitu. Argi erakutsi du aurkitu duela erakutsi dionik.

Senegaldarrak lasaitu egin du emakume bezeroa eta, zentzu batean, baita indarberritu ere. Mostradoretik kafeak hartu eta lagunengana abiatu da.

Handik ordu laurdenera, senegaldarra kafea hartzera joandako emakumeen mahaira hurbildu eta zer ordu den galdetu die, euskaraz. Eta emakumeetako batek baita berehala erantzun ere: “son las diez y cuarto”.

Senegaldarrak arnasa hartu du, eta aurpegian irribarrerik gozoena marraztu ostean, emakume taldeari eskatu dio berari euskaraz egiteko, mesedez: “erraza da, nik egiten dut”.