Txikitan helduei entzundako solasaldi ez misteriotsuegien artean (haurrak uste baino xehetasun gehiagoz jabetzen dira beti), loezinari buruzkoak ziren niretzat harrigarrienetakoak, agian haur bati, balizko amesgaiztoen beldurrak ezin kendu loa luzaro, loezinaren esanahia bitxia zaiolako berez. Helduek, gaua begiak ezin bildurik igarotzen zutenean, gaitzaren lekukoa aurkezten zuten, kanpoko zerbaitek ziurtatu behar baitzuen besteen aurrean gau txarra: “Ordu biak entzun ditut, eta hirurak, eta laurak, eta bostak, eta seiak jotzean altxatu egin naiz, ezin nuelako ohean denbora gehiago eman”. Kanpaiak, ez loezinaren erantzule bezala, loezinaren lekuko baizik. Segurako kanpaiak gauez isiltzera kondenatu dutela jakin dudanean etorri zait aspaldiko oroitzapena. Badirudi Segurako biztanle batzuek epaitegiak, arartekoak eta dezibelio neurgailuak mugitu dituztela kanpai-hotsek loa galarazten zietelako. Aldaketa ezin sakonagoa izan.

Gasteizen berbera gertatu zen orain dela urte batzuk. Ez dut ulertzen. Gasteizko Alde Zaharrean hezia, kanpaiak soinu-paisaiaren parte dira niretzat, doinuak (laurdenak, erdiak...) desberdintzen irakatsi zidaten ni konturatu gabe. Baina badakigu zer ari den gertatzen betiko paisaiekin: parkeen ordez eraikuntza ustez modernoak, etxe historikoen ordez hotel itsusiak, zinema zaharren ordez saltokigune hotz eta are itsusiagoak. Soinu-pasaiarekin berdin: kanpaien ordez mota guztiko zaratak. Laster txorien kontrako sinadurak biltzen hasiko dira batzuk. Ezaguna da landa eremura bizitzera joandako batzuk kexaka dabiltzala oilarrek, ardiek edo behiek loa galarazten dietelako. Loa benetan galarazten diena ez al da beste gauza barnekoago bat izango?

Baina, lasai, turismoak kanpaiak berreskuratuko ditu: gutxi barru oraindik kanpaiak dituzten herriak bisitatzeko esperientziak salduko dizkigute, hots bitxi horiek entzun ahal izateko, eta euro gutxi gehiagoren truke zuk zeuk kanpaiak jotzeko esperientzia izango duzu. Ea nor den aitzindaria kanpai-turismoan.

Segurako gauak, Gasteizkoak bezala, tristeagoak izango dira orain.