Alderdi Sozialistaren ordezkariak errandakoak entzun eta gero, oraindik ere burua harri eginik daude iragan asteazkenean Parlamentuko Euskara Batzordera joan eta bizikidetzaren aldeko mezua zabaldu zuten orkoiendarrak. Aitzineko asteetan ere, harrituak zebiltzan, Parlamentuko hainbat talderekin bilera bana egin baitzuten (UPNrekin ere bai), baina sozialistek uko egin zioten haiekin biltzeari. Gainera, Orkoiengo herritarren bozemaileak solasean ari zirela, PSNren ordezkari berbera keinuka eta imintzioka aritu zitzaien.

Gero, sozialisten txanda iritsitakoan, lehenik galdetu zien zertara joan ziren hara, gai hura ez zegokiola Parlamentuari, udalek erabateko autonomia dutelako arlo horretan (tira, den-denek Mañeruk izan ezik, atzendu zitzaion); ondoren, adierazi zuen udal idazkariak txostena egina duela ordenantza aldatzearen alde, baina oraingoz inork ere ez du gisakorik ikusi; eta bukatzeko, ia-ia leporatu zien alkatea mehatxatu izana, edota, gutxienik, alkatearen kontrako jazarpen giroa babestu izana, hori guztia parlamentari horrek ohi duen moldean, hau da, itsuski eta moldakaitz. Talde eskuindarrek, konparaziora, betiko argudioak erabili zituzten, baina gizalegez.

Dena den, hura ez da molde zakarreko parlamentari sozialista bakarra, badu alderdikide handiusterik, edozein konturen gainean bereak eta asto beltzarenak botatzen dituenik, liskar giroko taberna zulo ziztrinean balego bezala. Orkoiendar euskaltzaleen aurkako susmoak hauspotu zituenari, gainera, perla ederrak ere entzunik daude Euskararen Kontseiluan. Baina hori guztia goitik dator, burutik, aginduak eta holako jokamoldeak burutik heldu baitira, min handi guztiak bezala. Egunen batean jakinen dugu zer erran zuen ekialdeko lehendakariak iaz bere onetik aterata Mañeruko herritarren eskaria gobernura iritsi zenean.