Zinez opari ederra eskaini zigun Jaundone Saturdi biharamunak. Izan ere, segizio eta gisakoak oro galarazi zituen astearte goibel euritsuaren ondotik, asteazken goxo eguzkitsuak euri-ondo ederra ekarri zigun begien gozamenerako. Takonerako harresietatik begira, garbi eta aratz ageri ziren Sarbil, Goñerriko gainak, Leziza, Beriain, Aralarko kaskoak eta Ergamendi. Laino kiribil bitxiaren gainetik, Txurregi, zut. Hurbilago, Arriaundi, hau da, azken urteotako mendi aurkikuntzarik ederrenetakoa. Honatago, Beorburuko karrika luzexka. Hurbil-hurbil, erripan behera, gure begiradapean, Arga biziberritua, Santa Engraziako presa zegoenean bezainbesteko emariarekin. Erreka bazterrean, hamaika koloretan, zuhaitz lerro gorrizta, oraindik hosto gabetua. Haratago, ekialdeko ikuspegia zedarriturik, Arga gainean, itxura ikusgarrian, egungo artxibo nagusia. Hantxe daude gure paperak, euskararen paperak, alegia. Printza aunitz aurkitu dira; aunitz daude aurkitzeko. Agiri mingarririk ere bada. Adibidez, 1823an Garesko maisu nagusiari emaniko agindua: “Irakasle nagusi horrek eta haren laguntzaileek orok kontu berezia izan beharko dute haurrek euskararik erabil ez dezaten eskolan dauden bitartean, eta ahalegina egin beharko dute, errietaren bidez, erdaraz hitz egin dezaten, bai eskolan, bai eskolatik kanpo”. Non eta Garesen, duela berrehun urte, haur garestarrak euskaraz karrikan eta eskolan berean. Berdin dio. Hamaika aldiz entzuten jarraitu beharko dugu euskaldunak berez utzi ziola euskaraz hitz egiteari. Artxiboan topatua. Azken urteotan, gainera, funts ederrik iritsi da Moneok zaharberritutako eraikinera. Zer ez den topatuko, konparaziora, Irigaraitarren bilduman, hots, duela bi mendeko Iruñerriarekin zuzenean lotzen gaituen paper sorta oparo-oparoan. Bada, bilaka ditzagun gure paperak hiriaren ikur.