Antzerki oihala ireki eta eszenatokiaren erdian plataforma bat ikus daiteke. Ez da oso altua, 20 zentimetro izango ditu gehienez. Sei gazte, beltzez jantzita, plataformaren gainean daude. Atzean ez fondorik, ez atrezzorik, ez ezer. Sei gazte eta plataforma bat, besterik ez. Hasi da Fikziohesioa.

Pabellon 6 Bilboko antzerki elkarteak urtero Antzerki Arina antolatzen du. Aurten 10. edizioa egin dute, eta 16 antzezlan motzek osatu dute kartela. Horietako bat Fikziohesioa izan da. “Hasiera batean ez geneukan oso argi zer egin nahi genuen. Pabellon 6eko antzerki arinaren topaketetara apuntatu ginen, epe luzerako asmorik izan gabe”, adierazi du Iholdi Beristain (Portugalete, 2000) Kalte Kolektiboko kideak. Hasieran helburu hori ez zuten arren, sortutako giro eta harreman onaren ondorioz, kolektibo bat sortu dute. Beristainekin batera Oihan Carramiñana, Eider Villalba, Omar Somai, Gaizka Sarasua eta Ander Lacallek osatu dute taldea. 

Ikaskide izatetik, taulakide izatera igaro dira: “Antzerki eskolan ezagutu genuen elkar. TAE antzerki eskolan ikasten dugu seirok, batzuk hirugarren mailakoak gara, beste bat bigarren mailan dago eta bestea lehenengo mailan”, azaldu du gazteak. Urte hasieran hasi ziren elkarrekin zerbait egiteko ideiari bueltak ematen. Bilera batzuk egin zituzten, baina denbora gutxiz. Segituan hasi ziren sortzen. “Gure lana hain fisikoa denez, eta plataformaren teknika konkretuki are gehiago, behin erabakita zer egin nahi genuen, egiten hasi ginen”. Gidoia idaztearen eta gidoi hori antzeztearen metodo tradizionaletik atera, eta idazten joan dira sortzen joan diren heinean.

Plataformaren teknika

Oholtza txiki baten gainean egiten dute emanaldi osoa. Horrez gain, ez dute atrezzorik erabiltzen. Haiek egin behar dute dena, eta testuinguru horretan, gorputzak garrantzi berezia hartzen du: “Imajinatu behar dugu plataforma beste dimentsio bat izango balitz bezala. Plataforma gainean gaudenean gauzek beste garrantzi bat daukate, mugimenduek beste kalitate bat, denborek, ahotsek, soinuek…”, azaldu du aktoreak. Pelikulen laburpenak antzezten dituzte, eta helburua da jendeak pelikulak zeintzuk diren asmatzea. Oso ezagunak diren filmak aukeratu dituzte, edonork asmatzeko modukoak izateko. Antzerki arina denez gero, hogei minutu besterik ez du irauten obrak.

Plataformaren teknika erabili dute, oholtza txiki baten gainean egiten dute antzezlana. Kalte Kolektiboa

Beristainek aitortu du seiren artean lan egitea ez dela beti erraza izan. Izan ere, “zenbat eta jende gehiago egon, iritzi gehiago” daudela dio. Beste alde batetik, ordea, “interesgarriagoa” ere badela uste du, pertsona gehiagorekin lana beti delako aberasgarriagoa. Honek, gainera, zaintza handia ekarri diela adierazi du: “Ordu pila bat ematen ditugu batera eta guretzat oso garrantzitsua da denok erabakiak hartzeko ahotsa izatea. Gainera, kontuan hartu behar da izaera ezberdinak ditugula, genero ezberdineko jendea gaudela, adin ezberdineko jendea… Horregatik saiatu gara zaintza-kontzientzia handia egiten”. Emaitzarekin ez ezik, bide osoan zehar izan duten jarrerarekin oso pozik daude.

Antzerki kolektiboa

Taldeko kide guztiek hasieratik oso argi zeukaten dena era kolektiboan egin nahi zutela. Guztiek egingo zutela zuzendariaren papera, gidoilariaren papera baita aktorearen papera ere. Lan guztia egitea oso zaila dela aitortu du aktoreak, baina era berean, alde on asko ere badituela dio: “Satisfakzio maila ezin da alderatu, eta proiektuarekiko duzun atxikimendua askoz handiagoa da”. Hala ere, kanpoko laguntza izan dute. Iñigo Ortega irakasle izan zuten antzerki eskolan, eta berak erakutsi zien plataformaren teknika, hain zuzen. Entsegu batzuetan izan da, eta kanpoko begirada eta aholkuak eskaini dizkie.

Martxoan Fikziohesioa Pabellon 6en aurkezteko aukera izan zuten, eta publikoaren harrerarekin harrituta geratu ziren: “Lehenengo aldia da gure proiektu bat Pabellon 6era eramaten duguna, eta ez genuen espero eduki duen harrera”. Egindako lanarekin eta taldearekin pozik eta seguru zeuden, baina, hala ere sorpresa atsegina hartu zuten, eta benetan eskertuta daude jendearekin. Oraindik emanaldi gehiago lotuta ez dituzten arren, ikuskizun gehiago egiteko asmoa dute, eta horretan dabiltza orain.

Proiektuari bide luzeagoa emateko prest daude gazteak, eta Fikziohesioa ez da izango Kalte Kolektiboaren lan bakarra. Hala ere, estreinatu berritan, ez dute etorkizuneko proiektuetan pentsatzen oraindik: “Gure helburua honekin jarraitzea da, ikustea zenbateko bizitza daukan Fikziohesioa-k. Proiektuak berak markatzen du bidea, eta gu pozik egongo gara ateratzen denarekin”.