Azkenaldian uste dut gaizki ikusita dagoela esatea megaproiektuak eraikiko direla, ez omen da politikoki oso zuzena. Hala ere, egin egingo dituzte. Jakin gabe nolakoak izango diren, gure bozarekin hurrengo lau edo zortzi urteetan egingo diren proiektu faraonikoak onartu ditugu.

Lagun batek dio nahiz eta proiektu handiak izan, hauek immaterialak direla. Gure begien aurrean egon arren, gardenak dira, oharkabean pasa behar direnak. Beharrezko moduan salduko dizkigute, ederrak direla esan, gure bizitzak hobetzeko pentsatuak daudela oihukatuko dute, enplegua sortuko dutela (magia izango balitz bezala) edota gure onerako eraikitzen dituztela. Errealitatea gerora bestelakoa izaten da askotan: gainkostu handiko proiektuak, natura suntsiketa, legea modu “berezi” batean betetzen duten eraikinak, ondarea errespetatzeko magia trikimailuak, gure etxeko alokairuaren igoera… eta gure poltsikoetatik ordaindua.

Mugimendu berri bat

Horrelako eraikinak salatzeko Espainian Pormishuevismo mugimendua sortu da. Erik Harley artistak lehen lerroan ezarri du kontzeptu hori eta honela definitzen du: “arte-mugimendu faltsua da, arkitektura espekulatibo, ustel, gentrifikatzaile eta saltxitxeroa azaltzeko”. Espainiar estatuan azken 30 urteetan eman den mugimendu emankorra da, eta zoritxarrez, baita gurean ere. Izena eta kontzeptua Bigas Lunaren Huevos de oro pelikulatik hartu du, eta arkitektura egiteko modu bat definitzen du. Bere esanetan eraikitzeko modu bat, etorkizuna proiektatzeko, ulertzeko modu bat da: “por mis huevos morenos”. Hau da, “oztopo” guztiei aurre egin eta arkitektura eraikitzea. Testuinguru sozial, filosofiko edo estetikoa errespetatu beharrean, gaizki eraikitzean datza eta beti ere “ni eta nire lagunen onurarako bakarrik” (fucking money men, feat. Rosalia). Jarrera eta praktika hedatuegia da gure lurraldean, eta izenak dioen moduan oso jarrera matxiruloa da. 

“Gure lurralde berde, oparo eta ederrean ‘Nirearrautzengatik’ mugimenduan dauden adibide arkitektoniko batzuk aipatuko ditut”

Gure lurralde berde, oparo eta eder honetan arkitektura polemiko ezberdinak topa daitezke. Batzuk eraikin esanguratsuak bilakatu dira eta besteak oharkabean pasa direnak. Erik Harleyri omenez, Nirearrautzengatik mugimenduan aurkitzen diren adibide batzuk azaleratuko ditut.

Lehen kasua Hondarribian dugu. Bertan eraikiko duten txalet berri batek atentzioa eman baitit. Baserria erosi zutenek eraberritzeko lizentzia eskatu zuten. Lagunak esan dit gauza bat dela zertarako eskatzen den baimena, eta gero zer egiten den horrekin. Hau da, sudur puntan jartzen zaiguna egitea gustatzen zaigula. Kasu honetan Moxkanea izeneko baserri osoa bota dute, 400 urtetik gorako historia zuena. Zoritxarrez ez da horrelako baserri historiko bat eraistea ikusten dugun lehen aldia, hirigintzari loturiko obren ondorioz, izan ere, Abiadura Handiko Trenaren erruz hainbat baserri eraitsi baitituzte.

Hondarribiako Moxkanea baserri historikoa eraitsi dute.

Hondarribiako Moxkanea baserri historikoa eraitsi dute. A.Z.

Bigarren adibidea Donostian dugu, azken lau urteetan ondare arkitektoniko gehien suntsitu den hirian (daflipat benetan). Hemen trenak ere eragina izan du. Letourneur ingeniariaren obra hau 1864an inauguratu zen. Bere balio estetiko eta tektonikoa 160 urtez indarrean egon ostean, AHTaren geltoki berria egiteko eraitsi dute. Aipatu beharra dago, 1995ean Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak babes maila gorena eman ziola eta horri jaramon gutxi egin diotela. Babes hau balio historiko edo arkitektoniko berezia duten higiezinei ematen zaie, edo hiri-irudiaren eta hiriaren memoria historikoaren funtsezko elementuak, ordezkaezinak direnak, dituztenei. Gasteizen eta Bilbon mantendu dituzten arren, Donostian guztiz ezabatu dute.

Zerrenda luzea izanik, etorkizunean etorri daitekeen bat plazaratu nahi dut. Beraz, hirugarren kasua Bizkaiko kostaldean dugu. Eraiki gabea eta urrezko arrautza gisa sailkatu daitekeen Urdaibaiko Guggenheim museoa. Urdaibai Biosfera Erreserbaren baitan museo bat eraikitzea nahi dute. Proiektuaren ezaugarriak ezagututa Porhuevismo baten aurrean gaudela esan daiteke. Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheim efektua lortzeko konfiantza omen du eta dirua Europatik etorriko omen da. En fin. Nahiz eta proiektuak askotarako eman, egungo errealitatea aintzat hartu behar da. 1984. urtetik Biosfera erreserba izendatua dago. Hau da, UNESCOk planetako habitat moten adierazgarritzat izendatu dituen eremu geografikoak dira, lehorreko nahiz itsasoko ekosistemak barne hartzen dituztenak. Gainera, 1994tik Hegaztien Babeserako Zona Berezien (ZEPA) programan dago Red Natura 2000ren barruan. Arrautzak eduki behar dira aurrera egiteko.

Ezagutzen al duzue Nirearrautzengatik mugimenduan sartu daitekeen beste eraikinik?