Aroa Blanco eta Alex Antúnez Agurea, urpekaria eta itsasoa ikuskizuna antzezten egongo dira udaran Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Antzezlanean, Ulises eta Felixen arteko harremana antzeztuko dute. Biek bakarrik bizitzera kondenatu dute beraien etorkizuna. Batek nahi duelako, eta besteak sare-sozialekiko daukan menpekotasunagatik. Bidean, itsasoarekin egingo dute topo, eta horrek aldaketa garrantzitsua ekarriko die biei.

Hortzmuga teatroak ‘Agurea, urpekaria eta itsasontzia’ lana ekoiztu du, Izpiñe Sotok idatzitako liburu baten oinarrituta. Zelakoa izan da liburu batetik antzezlan bat sortzearen prozesua?

Aroa Blanco: Izpiñek ipuina idazten du, baina ez liburu bihurtzeko, baizik eta ipuina antzerkiaren oinarria izateko. Hortik sortu dugu dena.

Alex Antúnez: Hori da, oraingoan Izpiñek kontuan izan du ipuinean idatzitakoa kalean zelan gorpuztu, publikoak herriko plazetan ikusi eta sentitu ahal izateko.

Ikuskizunean, ezagutzen ez diren bi pertsonen istorioa ezagutuko dugu, zein izango da harreman horren abiapuntua?

A.B.: Alde batetik, itsasoa, han ezagutzen direlako eta itsasoak elkartzen dituelako. Beste alde batetik, erronka zailak. Ulisesek itsasoa bakarrik salbatu nahi du eta, aldiz, Felixek, erronka oso arriskutsuak egiten ditu ospetsua eta maitatua izateko.

Pertsonaia nagusien izaeragatik, hainbat gai lantzen dira obran. Adibidez, Felix izeneko urpekariaren bidez, sare sozialek sortu dezaketen menpekotasunari buruz hitz egiten da.

A.A.: Bai, ikuskizun honek gai hori lantzen du, baina baita bi pertsona ezezagunen arteko harremana ere. Publikoak ikusiko du Ulisesek eta Felixek nola ematen dioten bigarren aukera bat beraien buruari: batak pertsonekin berriz erlazionatzeko, eta besteak pantailatik kanpo bizitzeko. Pertsonaia bakoitzaren aldaketa garrantzitsu hori itsasoak gidatutako plan bat da.

Aroa, zure kasuan, hainbat pertsonaien azalean sartzen zara, baina, agian, garrantzitsuena, itsasoa da. Zelakoa izan da horrelako elementu bat pertsonifikatzea? 

A.B.: Bidea interesgarria izan da, baina ez dela erraza izan aitortu behar dut, hasieran gauzak nola egin aurkitzea kostatu zitzaidan, eta horretarako hainbat modu probatu genituen. Azkenean, pertsonaia oso dibertigarria eta aberatsa irten da. Itsasoa umorez eta sentsibilitatez beteta dago.

Zaila izan da, konexio zuzena ez zeuzkaten gaiak batzea ikuskizunean? 

A.A.: Ikuskizunean agertzen diren pertsonaia nagusiak bakarrik daude: agureak horrela erabaki duelako, urpekaria soilik mugikorraren bidez erlazionatzen delako eta itsasoa bakarrik dago gizakiak zabortegi moduan erabiltzen dugulako.

Gaur egun, milaka aukera dauzkagu gauzak egiteko, ikusteko, entzuteko baina ia aukera guzti horiek banakako jarduerak dira. Gero eta gutxiago behar dugu konpainia gure nahiak asetzeko, eta hori oso arriskutsua da.

Alex Antúnezek antzezten du Felix urpekariaren papera. Asier Camacho

Maskarak, txotxongiloak, dekoratu koloretsuak… Eszenografiak garrantzia handia dauka obran, ezta?

A.B.: Iñaki gure lankideak egin du. Eszenografiak bizitza du, beste pertsonaia bat dela esango nuke.

A.A.: Iñaki artista hutsa da eta urte asko daramatza Barrikako hondartzatik zaborra, plastikoak, egurrak, sareak… biltzen. Ikuskizunean Ulisesek lan hori egiten du, itsasoari laguntzen eta jasotako zaborrari bigarren aukera bat ematen eskulturak sortuz. 

Estetikagatik, pentsa genezake umeei zuzendutako ikuskizun bat dela, baina egia esan, familia osoari zuzendutakoa da, ezta?

A.A.: Kale antzerkia egiterakoan guk ezin dugu bakarrik umeetan pentsatu, kalean mundu guztia dagoelako eta umeekin gurasoak edota aiton-amonak etortzen direlako, edo kaletik bat-batean ikuskizuna topatzen duena ere badagoelako. Horregatik, halako ikuskizunak sortzerakoan familia osoa kontuan hartzen dugu eta guztiontzako keinuak sartzen ditugu. Gehienbat, txikiei zuzenduta dago, baina helduek ere barre egiteko edo, zergatik ez, malkotxoren bat botatzeko momentua aurkituko dute.

Udaran, hainbat ikuskizun emango dituzue Euskal Herrian. Aipatu ditzakezue hurrengokoen datak?

A.A.: Azken asteetan Donostian, Barakaldon, Durangon, Igorren eta Arrigorriagan egon gara, eta uda partean, Sopelan, Berrizen, Lezon, Galdakaon, Eibarren, Hondarribian eta beste hainbatetan egongo gara.

Banaketa lanetan Ínsula Cultural ere sartu da; Espainian ere ikuskizunak egiteko asmorik al duzue?

A.A.: Bai, Ínsula Culturalekin lan egiten dugu gure ikuskizuna Espainian mugitzeko. Agurea, urpekaria eta itsasoa lana aurten aurkeztu denez, uda honetan emanaldi gehienak Euskal Herrian egingo ditugu.

Nolakoa izan da orain arteko esperientzia? Eta nolakoa izango da etorriko den bidea?

A.B.: Niretzat oso aberatsa izaten ari da, gauza mordoa ikasten ari naiz eta espero dut horrela jarraitzea, ikasten eta disfrutatze, aurretik bide luzea daukagu eta.