Hitzik esan gabe, baina musikaz, dantzaz eta irudiz lagunduta Surrealismoaren garaiko artelanak aztertu dituzte Logela Multimedia eta Circle Of Trust konpainiek. Museo batera egindako bidaia islatu nahi izan dute gaur egungo begiradatik XX. mendeko obrak gorpuztuz. Jasotako hausnarketekin Suirrealismo ikuskizuna sortu dute. Break dance dantza estiloa eta multimedia uztartzen dituen lan artistiko bat da. 

Logela Multimediako zuzendaria da Imanol Garaizabal, eta kontatu du pandemia Suirrealismo sortzeko inspirazio iturri izan zela: “Pandemian oso gauza surrealistak ikusi eta bizi genituenez, surrealismoaren surrealismoa egin nahi genuen”. Horretarako, XX. mendeko artistek sortutako hamasei obra aztertu dituzte; hala nola, testuak, koadroak eta eskulturak: “Dantza urbanoaz eta ikus-entzunezkoez baliatuta XXI. mendeko lengoaiatik aztertu ditugu lanak”. Andre Breton, Salvador Dali, Joan Miro, Leonora Carrington, Paul Klee, Marcel Duchamp, Max Ernst, Rene Magritte, Man Ray, Yves Tanguy, Francisco Picabia, Dora Maar, Remedios Varo, Pablo Picasso eta Meret Oppenheim artisten obretatik abiatuta hamasei koreografia sortu dituzte.

1940. hamarkadan, Bigarren Mundu Gerraren garaian, Parisko kafetegiak artista askoren topalekua izan ziren. Arte elkar truke horretatik sortu zen korronte artistikoa surrealismoa da. “Aztertu dugu nola giro goibel horretan artea sor-tzeko kapazak izan ziren, eta nahiz eta bakoitzak bere eskasia bizi, nola sortu zituzten oasi txikiak”, kontatu du Garaizabalek. Hori abiapuntu hartuta, pandemia garaian bizitako isolamenduarekin alderatu nahi izan dituzte surrealismoaren garaiko obrak: “Islatu nahi genuen nola sortu dugun gauzak sortzeko leiho bat pandemiako inguru desatsegin hartatik. Obra hau horren adibidea da”.

XX. mendeko artistek sortutako hamasei obra aztertu dituzte; hala nola, testuak, koadroak eta eskulturak. Ruben Dario

Hortaz, ikuskizunean zehar bidaituko balute bezala ikusleek surrealismoaren garaiko obra batetik bestera salto egiten dutela kontatu du Garaizabalek: “Museo batean egongo balira bezala da. Gela bakoi-tzean koadro bat dago, eta sormen handiko kontzeptuekin, gorputz mugimenduekin eta ikus-entzunezkoekin koadroek bizitza hartuko dute”. Infografien bidez irudikatzen dituzte koadroak, eta dantzariek mugimenduen bidez interpretatzen dituzte. Xedea da ez sortzea espazio lau bat, baizik eta, dantzarien eta artelanen arteko interakzioak.

Circle Of Trust konpainiako dan-tzaria da Juanma Aragon, eta dan-tzariaren arabera, erronka puntu bat ere badu artelanen eta dantzarien artean elkarri eragiteak: “Hasieran, aurrean duzun pieza ulertzen ahalegindu behar zara jakin ahal izateko zer landu dezakezun horrekin eta nola transmititu ikuslegoari zer interpretatu duzun. Beti ere, kontuan hartuz subjektiboa dela”. Horretarako, obra eta artista bakoitzaren nondik norakoak ikertu dituzte.

Gaineratu du sortzerako orduan “zailagoa” dela dantza eta multimedia uztartzea: “Denok iritzia ematen eta elkar trukatzen dugu, baina azkenean dantza ikus-entzunezkora egokitzen saiatzen gara errazagoa delako aurrera jarraitzea”. Gainera, konpainien arteko distantzia ere oztopo izan daitekeela uste du. Circle Of Trust Zaragozako (Espainia) dantza konpainia bat da eta Logela Multimedia Elorriokoa (Bizkaia).

Elkarlana ardatz 

2002. urtean sortu zen Zaragozako Circle Of Trust dantza konpainia, eta dantza estilo asko jorratzen badituzte ere, break dance eszenan dira bereziki erreferenteak nazioarte mailan. Hala ere, beste diziplina batzuk ere lantzen dituzte; adibidez, Cyr gurpila edo roue Cyr. Aluminioz edo altzairuz egindako zirkulu formako elementu bat da, eta akrobaziak egiteko erabiltzen da. “Lan handia izan da gure lana eta konpainiaren izena maila nazionalean eta nazioartean kokatzea”, kontatu du Aragonek. Gaineratu du urteekin birsortzen joan direla: “Orain dan-tzari berriak ditugu, eta hiru belaunaldi gaude: “Bi berrogei urtekoak, beste bi hogeita hamar eta hogeita hamalau urte artekoak eta hogeita hamar urtetik beherako bi”. Carmina Gimeno, David Vento, Alberto Pardo, Juanma Aragon, Marcos Pardo, Abel Escribano dantzariek osatzen dute taldea. 

Logela Multimediak, aldiz, ibilbide luzeagoa dauka. Duela hogei urte sortu zen, eta konpainiaren helburua da lengoaia eszeniko berriak sortzea, eszenaratzea eta sorkun-tza digitala bateratuz eta zuzenekoei balioa emanez. Horretarako, animazioaz eta ikus-entzunezkoez balia-tzen dira mapping teknika erabiliz. Teknika horren bidez, irudiak edo animazioak proiektatzen dituzte eraikinen eta beste tankerako hiru dimentsioko azaleretan. Sortzen diren irudien eta mugimenduen bidez zenbait efektu berezi lortzen dituzte. Garaizabalek azaldu du edozein aretotan erabil daitekeela mapping teknika: “Argiztapena bezala da; proiekzioa espaziora egokitzen dugu inongo arazorik gabe”. 

Break on Stage jaialdian ezagutu zuten elkar Logela Multimedia eta Circle Of Trust konpainiako kideek. Break on Stage jaialdia duela 63 urte egin zen lehenengo aldiz, eta helburua da kale kultura oholtzara eramatea. Ordutik, elkarlanean sei obra sortu dituzte: Klonk, Papiro… flexia, Divenire, Nagare, Codice eta Suirrealismo. Codice izan da azken obra, eta horren bidez, komunikazioak gaur egungo gizartean izan duen eboluzioaren inguruan hausnartu, eta teknologizatuta dagoen gizarteari ideiak, emozioak eta kritikak transmititu zizkieten.

Xedea da dantzarien eta artelanen arteko interakzioak sortzea. Ruben Dario

Konpainietako kideak elkarrengandik urrun bizi badira ere, komunikazio bide berriei esker, harremanak “errazagoak” direla esan du Garaizabalek. Aurreko sortze prozesuarekin alderatuta, aurtengoa desberdina izan dela kontatu du Aragonek. Circle Of Trust konpainiak proposatutako ideia batetik abiatu ziren azkeneko obran, eta, aurten, Logelak proposatutako lanketa batetik sortu dute: “Logelakoek surrealismoaren inguruan hausnar-tzea proposatu ziguten, eta garai horretako obratik tiraka ideia jasa bat egiten hasi ginen”

Harrerarekin kontent

Intxaurrondoko kultur etxean taularatu zuten lehenengo aldiz Suirrealimo Feria jaialdiaren barruan. Martxoan izan zen jaialdia, eta 29. Donostiako Arte Eszenikoen jaialdiaren xede nagusia da arte eszenikoen merkatua bizkortzen lagun-tzea. Horretarako, eragileak harremanetan jarri, eta azken antzerki sorkuntzak aurkezten dituzte. Garaizabalen arabera “oso harrera” ona izan zuen obrak: “Sorpresa apur bat hartu genuen ez zelako lekurik eta ordutegirik onena, baina interesa piztu zuen”. 

Circle Of Trust konpainiako dan-tzariak ere “oso pozik” daude orain arte jasotako iruzkinekin. Nabarmendu dute jorratu duten gaia “sakona” izan arren, ez dela korapilatsua, eta hortaz, gazteentzat zein helduentzat egindako obra bat dela: “Transmititu nahi genuenaren inguruko gogoeta eta lan handia egin dugu, baina publikoren beharretara egokituta”.

Ikuskizuna Donostian estreinatu zutenetik beste emanaldi batzuk lortu dituzte Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo; esate baterako, Madrilen, Zaragozan eta Donostian. Euskal Herrian eginen dituzten hurrengo emanaldiak apirilaren 23tik 26ra izanen dira Egiako kultur etxean, Donostian.