Unai Pelaiok 2013an abian jarri zuen musika proiektua da Pelax. Lehen momentuan bidea bakarka hasi zuen Pelaiok, baina gero, Iñigo Ozaeta, Iker Vazquez eta Andoni Olaetxea batuta, talde izaera hartu zuen proiektuak. Pandemia garaitik ezer kaleratu gabe egon ostean, urte berriarekin lan berria ekarri du talde gipuzkoarrak: Esan gabe doa. Aurreko guztiak bezala, azkena ere, Atalan grabatua izan da, zuzen- zuzenean analogikoan.  

Nola pasa zinen bakarkako ibilbide batetik talde batean jotzera?

Hasiera-hasieratik sortu zen taldea. Oso prozesu naturala izan zen. Denbora pixka bat neraman Pelaxen lehen kantu horiek sortzen eta zuzenean bakarka defendatzen. Hasieratik taldean sortzeko kantuak zirela esango nuke, eta oso gutxira batu ziren Iñigo Ozaeta, Iker Vazquez eta Andoni Olaetxea. Azkenean, musika lagunartean egitea da dibertigarria, are gehiago, gainera, rocka egiten bada.

Musika elkarrekin partekatzeko ariketak egiten zaitu musikari, eta nire ustez, lokaleko interakzioak eta eztabaidek egiten dute bilakaera ona izatea, izan talde gisa edo izan modu pertsonalean. Ni gero eta musikari hobea sentitzen naiz, hein handi batean nire taldekideei esker.

Talde bilakatu arren, bakarkako kon-tzertuak ere ematen dituzu. Zergatik? Bi esperientziak uztartzea gustatzen zaizu?

Oso gustukoak ditut biak ala biak. Alde batetik, asko erakartzen nau taldearekin herriak bisitatzearen plan horrek, baita zuzenekoetan taldeak ematen duen babesak, zaintzak eta intentsitateak. Bestetik, formatu txikiko emanaldiak ere maite ditut, bolumen apalago batean kantuak presta-tzea, gitarra eta ahotsaz horiek defendatzea. Normalean, efektu gehiago erabiltzen ditut bakarka, nahiz eta joera gero eta gutxiago erabiltzea den.  

2019an AB eta DE izeneko bi kanta zituen diskoa kaleratu zenuten. Zer suposatu zuen disko horrek zuen ibilbidean?

Epopeia bat izan zen disko bikoitz hura prestatzea, baina oso oroitzapen onarekin gogoratzen dut. AB diskoa ekainean argitaratu genuen, eta DE urte bereko irailean. Disko bakoitzean 20 minutu inguruko bi kantu sortu genituen, biniloaren alde bakoitzean jasota. Koherentzia baten barruan beti, baina kantu bakoitzak modu independentean balio izatearen helburuarekin.

Asko geratzen ginen, hein handi batean jotzeko, lokalean edo asteburu pasa joaten ginen etxe batera lan egitera. Ez dugu horrelakorik berriz errepikatu. Jo-tzeaz gain, eskemak ere sortzen genituen, sekzio bakoitzaren arrazoiez eztabaidatzen genuen, eta horrek gure artean hizkuntza bat sorrarazi zuen, oso muturreko elkar-ulertze bat, gaur egunean ere oso lagungarria zaiguna. 

Unai Pelaio, Iñigo Ozaeta, Iker Vazquez eta Andoni Olaetxea. U.P

Gitarrak soinuaren oinarri dira; taldean negozia ezina den zerbait dela esango zenuke?

Azken finean, gitarra oso instrumentu eskertua da sortzeko. Nire kasuan, gitarra eskuetan dudala sortzen dut, bai kantuen riffak eta baita ahotsaren melodiak. Kantuaren sortze prozesuaren lehen faseetan, normalean, gitarra soil bat dago ahotsaz lagundurik. Erro hori mantentzen da batzuetan, beste batzuetan moldatu eta taldera egokitzen da… Gero, egia da musika zaratatsua egiten dugula, bolumena da gitarra elektriko bati eman ahal zaion efekturik onena, eta honek hartzen duen garrantzia rock talde batean agerikoa da. Dena den, galderari erantzunez, dena da negoziagarria gure taldean, adostasunaren oso zaleak gara.  

Autoekoizpena lantzea errazagoa da gaur egun teknologia berriekin, lehen diskoa atera zenuten momentuko baliabideekin alderatuta?

Autoekoizpena ez den biderik ez dugu ezagutzen, normaltasunez bizi dugu. Autoekoizpen kolektiboan sinesten dugu, horregatik sortu genuen Balio Dute kolektiboa. Elkartasunez eta modu asanblearioan dena izan ohi da errazagoa, eta betegarriagoa ere, aldi berean. Teknologia berriek eskain-tzen duten erosotasuna, alde batetik, defendatzen dut, izan musika zabaltzeko edo deskubritzeko.

Bestetik, asko kuestionatzen dut. Beti izan gara formatu fisikoaren defendatzaile sutsuak. Gauza ukigarrien aldekoak gara, musika entzuteko era zehatz batean sinesten dugu. Streaming plataformek eskaintzen duten aukera zabal sasi infinituak gainezka egiten nau. Nahiago dut aukerak mugatzea eta hautu kontzientea egitea. Formatu fisikoak, aldiz, mugikortasun polit bat du, eskutik eskura ematen dena.

 

Non izango dira zuen hurrengo kon-tzertuak?

Etenik gabe ariko gara disko berria aurkezten. Martxoan datozen kontzertuen datak hauexek dira: gaur, martxoak 9, emanaldi bikoitza izango dugu: batetik, Donostiako Egia gure auzoko plazan eta, bestetik, Elizondoko Txokoto ostatuan. Hilaren 16an, aldiz, Tolosako Bonberenean joko dugu eta 22an, Ondarroako gaztetxean. Baditugu asteburu asko dagoeneko hipotekatuak urte osorako, beraz, pozik!