Nafarren laurdenek dute euskararen ezagueraren bat, eta %12k erabiltzen dute euskara egunerokoan. Euskara sustatzearen aldeko jarrerak, ordea, behera egin du, VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera. Nola azaldu daiteke hau?

VII. Inkesta Soziolinguistikoak 2016 eta 2021. urteen arteko bilakaera neurtzen du. Eta, jarreren arloan, euskara sustatzearen aldeko zein kontrako jarrerak jaisten direla erakusten dute datuek, bakoitza gutxi gorabehera heren batean geratuz, “interesik gabekoen” kopurua hazten den bitartean, beste heren batera iritsi arte. Alde batetik, hau ulergarria da, kontuan hartzen badugu azken urte hauetan egon den iskanbila, hizkuntza politikaren arloan. Gehien bat eskuineko alderdiek, baina ez bakarrik, krispazioa sustatu dute, interes alderdikoiengatik, gezurrez beterik mezuak bidaliz. Jendeari, euskararen inguruan, liskarra, zarata, alderdien arteko borroka... transmititzen diogun bitartean, hau nekez izanen da erakargarria populazioaren zati handi baterako. Euskara eta euskal kultura balore positiboekin lotzen baldin badakigu, ordea, gure hizkuntzak daukan potentzialitatea erakutsiz, bere prestigioa handituko da eta askoz errazagoa izanen da herritar gehiagorengana iristea edo haiek euskarara hurbildu nahi izatea. 

Nola egiten da hau? 

Lehenik eta behin, noski, euskara lokatzetatik ateraz. Ez dut honetan sakonduko, lehen aipatu dudalako, baina uste dut denon kontua dela, bereziki ardura politikoa daukagunona eta euskara maitatzen dugunona. Bestetik, praktika eta errealitate positiboak, atseginak, ilusionagarriak, ikusaraziz. Erkidego anitz honetan, euskara kohesio eta bizikidetzarako elementua izan daiteke nafarrontzat, batzen eta harro sentiarazten ahal gaituena. Aukera berdintasuna eta integraziorako tresnarik onena dela sinetsita nago, eta bere ezagutzaren abantailak helarazi behar ditugu, sozializazio, kultura edo lan arloetan.

Ezagutzak nabarmen egin du gora gazteen artean, ez horrenbeste erabilerak, zertxobait igo bada hau ere. Zer eragiten du euskara jakinda ere, hizkuntza ez erabiltzeak?

Euskararako Arnasguneak diren herri euskaldunen garrantziaz oso kontzienteak gara eta, udalekin batera, haien izaera euskalduna indartzeko neurri ezberdinak bultzatzen ari gara. Duela hamar egun, adibidez, gazteei zuzendutako Arnasetik II. bideosormen lehiaketa amaitu zen, Zarautzen, Eusko Jaurlaritza eta UEMA - Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin batera antolatzen dugun Arnasa Gara ekimenaren barruan. Dena den, eta kopuru absolutuetan gaur egungo nafar euskaldun gehienak erkidegoaren erdialdean bizi garela kontuan hartuta, espazio nagusiki erdaldun hauetan ere euskaraz eroso mintzatzeko guneak bultzatu eta babestu behar ditugu. 

Gaitasun erlatiboari dagokionez, euskaldunen %48,4 “euskaldun elebidunak” (%20,4) edo “elebidun orekatuak” (%28) dira; hau da, euskaraz hobe aritzen dira, edo euskaraz erdaraz bezain ongi. Gazteen artean da txikiena ehuneko hori, %68,3 “erdal elebidunak” baitira. Larritzeko datu bat da? 

Aurreko erantzunean aipatutako datu batekin zerikusia dauka. Hizkuntzaren bilakaera eta zabalkuntza aztertzen baditugu, ikus dezakegu zenbat aldatu den euskaldunon profila. Ziur aski, D eredua, euskaltegi eta hizkuntza eskolen arrakastaren ondorioz. euskaldun elebakar gutxi geratzen da gurean, adibidez, eta euskaldun gehienak Iruñerrian bizi gara, hau da, inguru erdaldun batean. Horrek eragina dauka gure gaitasun erlatiboan, jakina. Baina horrek ez du esan nahi elkarrizketa hau euskaraz, erosotasunez, ezin dugunik egin, edo lagunekin konfiantzaz eta sakontasunez mintzatu, edo lan egin, edo... euskaraz bizi, azken finean. Hori bai, ezin gara konformatu. Erabilera erosoa bermatzea funtsezkoa da eta lagungarriak diren baliabideak jartzen jarraitu behar dugu, euskararentzat eta euskaldunontzat atseginak diren ekosistemak eraiki ahal izateko.

Nafarroako Gobernutik, zeintzuk dira gazteei dagokienez euskara sustatzeko abiatu diren proiektuak? 

Gazteria gure ardatz estrategikoetako bat da, zalantzarik gabe, eta horren ondorioz gazteak gure programa eta ekimen askoren erdigunean daude. Ekimen horietako askok, gainera, bat egiten dute beste ardatzetako batekin, teknologia eta digitalizazioarekin hain zuzen ere. Horrela, Sarean Euskaraz bezalako programak bultzatzen ditugu Euskarabidetik, joku, aplikazio... aukera ezberdinak erakusteko. Euskal Wikilarien Elkartearekin ere lan egiten ari gara, webgunean kalitatezko edukiak eduki ahal izateko. Dindaia Fundazioarekin hitzarmen bat daukagu, on-line jarduera ezberdinak jasotzen dituena. Euskarazko komunikabideak laguntzen ari gara haien digitalizazio prozesuan, baliabide berrien eskutik gazteengana hurbiltzea errazagoa izan dadin…

Eta hezkuntza arloan?

Eskolaren arloa ere oso garrantzitsua da, gure ikasleak euskaraz naturaltasunez aritu ahal izateko, heziketa formala zein informalean, eta eragile ezberdinekin lan egiten dugu. Bertsozale Elkarteak bultza-tzen duen programa, ikasleei bertsolaritza modu atsegin eta dibertigarri batez hurbiltzeko, babesten dugu Gobernutik. Musikariak Ikastetxeetan programaren ardura hartu dugu Euskarabidean, hitzarmen baten bitartez, Hezkuntza Departamentuak ekainean ez zuela jarraituko iragarri ondoren. Euskara teknikariekin batera, gurasoei zuzendutako ERA Eskola bultzatzen dugu, familiei baliabideak emateko. Jaso Ikastolarekin hitzarmen bat daukagu, haien musikala zabaldu ahal izateko; besteak beste, urtero joaten dira Tuterara, Erriberako D eta A ereduetako ikasleek disfruta dezaten. Eta ezin dugu ahaztu aisialdia eta denbora librea. Arlo honetan, elkarte eta udalen eskutik, lurralde osoan egiten diren jardunaldiak, mintzaldiak, kontzertuak, antzezlanak, ospakizunak, omenaldiak... laguntzen ditugu.

Nola eragiten du lurraldea hiru eremutan banatzen duen Euskararen Legeak gazteek euskararekiko duten jarrerari eta hizkuntzaren erabilera zein ezagutzari dagokionez?

Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazioak ez du inoiz zentzurik izan, are gutxiago gaur egun. Modu arbitrario batez, nafarron eskubideak sailkatu eta ezberdintzen ditu, gure bizilekuaren arabera. Inkoherentzia handiak sortuz, gainera; Mañerun, adibidez, Eremu Mistoan dauden herri askotan baino askoz euskaldun gehiago dago, portzentualki, eta Parlamentuko alderdi batzuen borondatez Eremu Ez Euskaldunean jarraitzen du, bere biztanle gehienen nahiaren kontra eta biztanle horien hizkuntza eskubideak urratuz. Nafarron kohesioa eta hizkuntzaren osasunaren ikuspuntutik, euskararen ezagutza minimo baten unibertsalizazioa lortzea aurrerapauso garrantzitsua izanen litzateke. Bestela, eta askatasun ideia faltsu baten aitzakiapean, ezjakintasuna eta herritarren arteko banaketa bultzatzen jarraitzen da. Hau aldatzeko Nafarroako Parlamentuan inoiz ez delako gehiengo nahikorik egon, lanean jarraitu behar dugu hor ahalbideratuko duen gehiengo sozial eta politikoa lortzeko.

Jabi Arakama

Licenciado en Administración y Dirección de Empresas por la Universidad Pública de Navarra, y graduado en Ciencias Políticas y de la Administración por la (UNED). Trabajó seis años y medio como jefe de administración de una empresa de transporte y logística, para pasar a impartir clases de Educación Secundaria Obligatoria durante cinco cursos escolares (2010-2015).

Entre 2015 y 2019 ejerció como asistente parlamentario de Geroa Bai y la pasada legislatura (2019-2023) fue parlamentario de esta misma formación política. Desde el año 2020, es secretario de Políticas Socialverdes del partido Geroa – Socialverdes de Navarra en Europa. Entre 2019 a 2023 ejerció como concejal en el municipio de Puente la Reina / Gares.

En agosto de 2023 ha sido designado director gerente de Euskarabidea-Instituto Navarro del Euskera.