Arbizuko Ikastola 1974. urtean sortu zen guraso talde baten ekimenez. Garai horretan familiek zuten euskararekiko kezka zela eta, Frankismo amaieran Altsasu eta Etxarriko ikastolen ereduari jarraituz, Arbizun ere elkartu, eta ikastola sortzea erabaki zuten.

Hasiera biziki gogorra izan zen. Arbizuko belaunaldi gazteak euskaraz hzzi eta hezteko asmoarekin abiatu zen Ikastolaren proiektuak, trabak besterik ez zituen izan oraindik Francoren eskuetan zegoen administrazio haren aldetik. Halere, Arbizuko eta Sakanako norbanako eta eragile euskaltzaleen ilusioak, izerdiak eta lanerako gogoak, traba haiek guztiak gainditu, eta Arbizuko Ikastolaren hasikina izango zenaren oinarria ezartzea lortu zuten.

Hala, azkenean, 74. urteko urtarrilean hasi zuen Arbizuko Andra Mari Ikastolak bere ibilbidea, Berueteko Maite Arangoa andereñoarekin. Maite eta Edurne izan ziren lehen urte haietako andereñoak. Herriko eskolako gela batean hasi ziren Ikastolako umeak, garaiko eskolako maistraren baimenarekin. Baina ministeriotik kexak jaso ostean, apaizaren etxera joan behar izan ziren.

Miltxoneatik eta Hilarioren etxetik pasa ondoren, udaletxeko kartzela zaharra zen gelan egon ziren haurrak. Egokitze eta atontze lan izugarria egin behar izan zuten Arbizuko gurasoek, gela horiek guztiak umeen behar pedagogikoetara moldatu ahal izateko. Ezegonkortasun handiko garaiak ziren eta hainbat familia atzera bota ziren arren, ausardia handia erakutsi zuten beste guraso askok. Mila buruhauste izanik ere, traba guztiak gainditu eta proiektua aurrera ateratzea lortu baitzuten. Zorionez, gurasoen auzolana eta belaunaldi gazteak euskaraz hezteko nahia, administrazioaren trabei eta bestelako zailtasunei gailurtu zitzaizkien.

Asko izan ziren Ikastolaren alde lan egin zuten herritarrak. Haien artean ditugu Manuel eta Lurdes, Maria Pilar eta Miguel Angel, Maria Luisa eta Millan, Camino eta Basilio, Juan eta Pilar, Mari Kruz eta Juan, Benito eta Maria, Juan eta Miren, Vitorio eta Raimunda, Rosario eta Miguel, Inaxi eta Filiberto, Jexux eta Mikelatxo, Patxi eta Maria Pila… eta beste arbizuar asko ere. Irits bedi geure esker ona eurenganaino!

Azkenean, 1982. urtean, gaur egungo eraikinera pasa ziren ikasleak, udalak utzitako eraikin batera. Gelak auzolanean atondu ziren berriro, ikastolak bere pedagogía berritzaileak garaiko beharretara egokitu ahal izateko. Orduz geroztik, asko izan dira urte luze hauetan zehar Arbizuko ikastolatik pasa diren Haur Hezkuntzako andereñoak: Marta eta Gloria Lopez ahizpak, Maribi, Esther, Arantxa, Juana Mari, Maider, Mila, Olatz, Jaione, Ines, Teresa, Izaskun, Itsaso, Josune, Maier, Berta, Igone, Nagore… Joan dadila eurentzat ere geure esker ona, hainbeste urtetan zehar Arbizuko umeekin egindako lan itzelagatik! Harrotasunez esan dezakegu, asko direla ikastolan jasotako goxotasuna, gertutasuna, euskararekiko eta naturarekiko maitasuna, eta urteetan zehar bizitako beste hainbat bizipen bihotzetan gorderik hazi izan diren arbizuarrak.

Mende erdi honetan Arbizuko Ikastolak erdietsitako arrakasta ulertu ahal izateko, gurasoek urteetan zehar gauzatutako auzolanei eta bertan lanean aritu diren irakasleen erabateko inplikazioari, ikastolak garai ezberdinek eskatu dituzten erronketara moldatzeko erakutsi duen gaitasuna gehitu beharko litzaioke. Izan ere, gaur egun, eta 50 urteko ibilbide luzearen ondoren, XXI. mendeko hezkuntzaren beharrei eta jasangarritasunarekin dauzkagun konpromisoei eraginkortasunez erantzungo dien eredu bat egonkortzea lortu dugula esan baitezakegu. Aspaldidanik, Andra Mari Ikastola erreferente bat da Sakanko bailaran. Herritik sortua eta herriarentzat, baietz beste berrogeita hamar urte bete!

50. urteurrena

Aurtengoa urte berezia izango da guretzat, izan ere, 50 urte ez dira edonoiz betetzen. Horregatik, eta Arbizuko ikastolak merezi duen urtebetetzea izan dezan, urtean zehar gauzatuko diren jarduera andana antolatu ditu Andra Mari Ikastolak herritarrentzat. Ikastolaren historia jasotzen duen argazki erakusketa erraldoia, kafe-tertuliak, ipuin kontalariak, bakarrizketariak, Oinez Basoaren irekiera, Arbizuko Ikastolan ikasi zuen lehenengo promozioari omenaldia, bazkariak, trikipoteoak… eta beste asko!