Apirilaren 23an, Arbizu Herri Eskolak Liburuaren Eguna ospatu zuen, ikasle guztiei zuzendutako jarduera anitzekin. Adin eta etapa desberdinetara egokitutako proposamenen bidez, irakurketa, sormena eta elkarlana izan ziren eguneko ardatz nagusiak.

Goiza bikotekako irakurketarekin hasi zen. Adin ezberdinetako ikasleek ipuinak elkarrekin partekatu zituzten, giro goxo eta aberasgarria sortuz. Ekimen honek, irakurzaletasuna sustatzeaz gain, ikasleen arteko harremanak sendotzeko aukera eman zuen, nagusiek txikienei istorio berriak ezagutzen lagunduz. Esperientzia oso positiboa izan zen, eta guztiek asko gozatu zuten.

Ondoren, komunitate bakoitzak bere jarduera bereziak garatu zituen. Txikien komunitatean, haurrek maskara originalak sortu zituzten, irudimena landuz eta adierazpen plastikoa erabiliz. Ertainen komunitatean, berriz, literatura eta musika uztartu zituzten, abestiak landu eta interpretatuz; jarduera dinamikoa izan zen, erritmoa, ahozko adierazpena eta sormena uztartu zituena.

Bestalde, Handien komunitateak literatura klasikoan oinarritutako escape room batean parte hartu zuen. Proba eta asmakizun desberdinen bidez, ikasleek euren literatura-ezagutzak, lankidetza eta arazoak konpontzeko gaitasuna jarri zituzten praktikan. Azkenik talde guztiek lortu zuten giltzeptutako gelatik ateratzea! Erronka dibertigarria benetan. Oro har, jardunaldia arrakastatsua izan zen, Liburuaren Eguna ikuspegi askotatik ospatzeko aukera eskainiz eta irakurketaren garrantzia indartuz, ikaskuntza eta gozamenerako funtsezko tresna gisa.