BILBO . Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Xabier Otaolearen obra berria, ‘Izozmendi’, aurkeztuko du Gasteizen. Kontzertua ostiral honetan izango da 20:00etan, Principal Antzokian.

Bach, Stravinski eta Sibeliusen obrak ere barne hartuko dituen askotariko programa batean, nabarmentzekoa izango da Xabier Otaolea (Bilbo, 1989) euskal konpositore gaztearen Izozmendi obraren erabateko estreinaldia. Otaoleak konposizioa ikasi zuen Musikenen Ramon Lazkano eta Gabriel Erkorekarekin, besteak beste. Izaerak eta Dolmen lanak estreinatu zituen Bilboko BBVAren musika garaikideko zikloaren barruan. 2016 urtean Gracia Querejetak zuzendutako Kalebegiakeko film laburrari soinu-banda jarri zion. Modu aktiboan hartu du parte Bilboko txistulari-bandan Txistuak hitz egiten duenean ikuskizunaren bidez eta euskal musika herrikoiaren moldaketen bidez.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin 2016an estreinatu zuen Agartha bere lanak izandako harrera beroaren ostean, Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkarteak (AEOS) eta SGAE Fundazioak lan berri baterako mandatua eman diote Xabier Otaolea musikagile gazteari. Oraingoan, lurralde izoztuetara egindako bidaia proposatuko digu Izozmendi lanarekin, eta hau ere Euskadiko Orkestra Sinfonikoak estreinatuko du ostiral honetan Gasteizen. Konposizio honetan, Otaoleak glaziarretik bat-batean askatu eta jitoan nabigatu ostean, azkenik ozeanoan urtzen den iceberg baten bidaldia deskribatzen du. Icebergaren bizitza-ibilbide hau “bakardadeari buruzko hausnarketa bilakatu zen batez ere”, ordu asko igaro baitzituen “bakarrik konposatzen eta neure burua ezagutzen”. Bere hitzetan “icebergak bezala, guztiok dugu norberak soilik ezagutzen duen ezkutuko alderdi bat”.

Sibelius, Bach, Stravinski

Izoztuak dira, baita ere, Lemminkäinenek zeharkatzen dituen parajeak. Hura Kalevala finlandiar epopeia nazionaleko heroi bat da, eta Sibeliusek suite ebokatzaile bat egin zuen haren omenez, Lemminkäinen Suite, eta haren lau mugimenduetako hiru entzun ahal izango dira kontzertuan.

Programa konposizioaren beste bi txapeldunekin osatuko da: Johann Sebastian Bach, Musika-eskaintzaren zati batekin, eta Igor Stravinski, 1937an pokerrerako bere grina Jeu de cartes balletean adierazi zuena, non jokalariak eta kartak protagonista zoragarriak bihurtzen diren.

Mélanie Levy-Thiébauten zuzendaritzapean Marie-Antoinette balletaren emanaldiak eskaini ostean Donostian, Iruñean eta Bilbon, Orkestra berriz egongo da Marokon jaio zen eta Frantzian bizi den zuzendariaren gidaritzapean Gasteizko kontzertu honetan. Bere ibilbide luzean, Levy-Thiébaut zuzendari laguntzaile izan da Mulhouseko Orkestra Sinfonikoan, Cadre Noir de Saumur erakundeko aholkulari artistikoa ere bai, Manifesto Orkestraren fundatzailea eta Ensemble Instrumental de la Mayenne taldearen zuzendari musikala, beste kargu batzuen artean. Sarri zuzentzen ditu Nantesko Folles Journéeak. Levy-Thiébautek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kolaboratu du lehenago ere. 2017ko urrian izan zen, hain zuzen, Babilonia berria (1929) Kosintseven filmari zuzeneko musika jarri zietenean.

Sarrerak salgai

(10€tik 35€ra). Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Principal Antzokiko webgunean zein leihatilan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).