- Bi urte dira Ene Kantak ETB3-ko pantailara iritsi zela. Azken denboraldian sortutako kantuak eta bideoklipak disko bakarrean bildu dituzte orain Izan zoriontsu izenburupean eta, ohikoa den moduan, hainbat kolaboratzaileren laguntza izan dute kasu honetan ere.

Josune Urdaniz eta Maitane Zalba futbolariak, Izaskun Zurutuza irakasle eta abeslaria, Imanol Itokun irrati esataria, Trikidantzeko abeslariak, Dani Martirena kazetaria eta Ana Ibañez ilustratzailea, Saioa Jaurena eta Maika Brust errugbilariak, Aitzol Atutxa aizkolaria, Lorena Aisa musikaria, Blanca Ines idazle eta musikaria, Jagoba Arrasate futbol entrenatzailea, Xabier Sukia aurkezlea, Kimetz Renteria Goazeneko aktorea, Lorea Intxausti aktorea eta Mikel Larunbe pilotaria izan dira lan honetan parte hartu dutenak.

Halaber, Naizen elkarteari egindako abesti bat ere aurkitu daiteke diskoan, Ekaitz Goikoetxea bertsolariak idatzitakoa.

Telebista saioari dagokionez, hirugarren denboraldiari ekin dio jada Ene Kantakek, tartean nobedade batzuekin: sekzio berriak bakarrik ez, eta pertsonaia berriak ere ekarri ditu saioak. Eneko, Nerea, Satorjator, Astonauta eta gainontzeko pertsonaiei Argi pertsonaia eta Antxus maskota batu zaie denboraldi honetan.