Orrialdeak desitsasteko arazoren bat tarteko, Winston (Elkar, 2018) poemarioaren irakurketan murgiltzean, Martin Etxeberriaren (Zarutz, 1974) baitan indar kontrajarriek kabi egin dutela sentitu dut: nostalgia oso ezagun bat, bizi-tzaren aldarrikapena sexuaren bidez, eta hauspo alegoriko-psikodeliko ilunagoa. Gaiei dagokienez apetazko antolamendua erakusten duen liburuan, ageriko zein zeharkako erreferentzia literarioak zein arras pertsonalak ugariak dira. Ametsak eldarnio eta eldarnioak amets bihurtzen diren bitartean, poetak ironia propioa eta naifa baliatuko du, itsaso handietan erortzeko arriskuak ekidinez.

“Poesia arritmia moduko bat da. / Ez dakit hobeto esplikatzen. / Ez naiz medikua.” Martin Etxeberriaren lan poetikoak ere ez luke esplikazio askorik beharko, irakurtze prozesu atseginarekin nahikoa litzateke. Baina merkatuak ere, baldin badago, iruzkinak behar ditu.

Winston poema dugu liburuaren lehen alea, ardatz tematikorik ez duen liburuari titulua ematen diona. “Winston pakete gorri bat, / zigarro bakarra / bihotzean gordea zuela.” Kontrabandozko pakete gorri haietako zigarroak erre ditugunok ondotxo dakigu garai zehatz eta galdu bati diogun malenkonia, barkatu hitzaren memelokeria, zer den. Pareka erretzen baikenituen paketeok, amaigabeak eta psikodelikoak ziren gauetan, memoria oro erre-tzeko grina zoroaren jabe. Etxeberriaren nostalgia, ordea, testigua hartzen duenaren nostalgia da. Badu orain krudelenetik asko: Tabako pakete pornografiko hura erretzen zuen aitaren modukoa dela aitortuko digu Etxeberriak. “Zu, / ni bezala, / bizitzak erretzen zintuen, aita”. Eta kontua da, guztiok erretzen gaituela bizitzak, winstonak debekatu dizkiguten arren.

Memoriak eta erreferentzia literarioek lotzen dute poemarioa. Batetik, haurtzaro galdu bateko oroitzapen gozoak dakarzkigu poetak. “Baziren bertan / kobre iluneko euliak / belarrien atarian burrunban / egia asmatuen zelatari / airean iltzaturik / geratzen zirenak”, dio, Espaloirik gabeko arratsalde eternoak iradokitzaile bezain proustiarrean. Ildo berekoak dira, halaber, Arratsaldeko txakolinak edota Arratsaren sagarrez zure bularrak marraztu, besteak beste. Liburuari egotzi dakizkiokeen bainen artean, larregizko topikoen erabilera litzateke. Baina zer da nostalgia topikorik gabe? Arratsak ez al dira nostalgiaren aleph idealizatuak? Halere, Etxeberriak teknika landu baten jabe ere badela erakusten du, ironia eta sexuaren bidez aldarrikatuko du bizitza: laranja kolorearen agerpenak ugariak bezain zinematografikoak dira.

Bestetik, ilunagoak diren poema alegorikoak dakarzkigu zarauztarrak, hortaz, irudi luke poetaren baitan sortzeko bulkada kontrajarriak ari direla talkan. Haien artean, Desfilea hiriburuan nabarmentzen da, ene aburuz. “Garaituok / koloretako paper-katez / adornatuak / desfilatzen dugu...”. Garaituok izan arren, winston zigarroak erre genituela esan genezake, eta, “Merezi al zuen bizitzak horrenbeste?” galderari erantzun ezinik, irakurtzen jarraituko dugu behintzat, plazer hutsagatik bada ere.