Argitaletxeak antolatutako prentsaurrekoaz gain -tentuz aukeratu beharreko egun-orduan, beste liburu edo ekitaldiren baten aurkezpenarekin teilakatu ez dadin, euskal prentsan burutxoa ateratzeko aukerak esponentzialki ez murrizteko-, gure lana hauspotzeko bir-aurkezpenak antolatzen ditugu Euskal Hiriko geografia ia guztian zehar -ahal dela, idazle edo kulturgile prestigio-tsu batek edo gehiagok lagunduta-, errezitaldi musikatu-multimediatuak eskaintzen han eta hemen, sare sozialak bonbardatzen gure liburuaren aipu -positibo- ñimiñoenarekin, irrati-telebista-egunkari-aldizkari elkarrizketa guztietara joaten gara gogo onez, literaturaren jainkoei erregutzen diegu gure liburua ahalik eta irakurle klub gehienetan proposa dezaten -egilea eramateko ohiturarik izan ez arren, bertan liburuaz aritu behar zirela enteratu eta auto-gonbidatu diren idazleen berri iritsi zait: pentsa noraino iristen garen-. Etab.

Beti dago alternatiba salingertar-montoiatarra, zer esanik ez. Liburuaren alde deus ez egitean oinarri-tzen denez gero, antsietate gutxiago eragiten du idazlearengan, eta, propaganda gailu gisa, gorago deskribatutako horror vacuirako joera baino eraginkorragoa gerta daiteke. Onartu beharra dago, ordea, gutxi batzuen eskura baino ez dagoela, eta, izan ere, horretan du oinarri nagusi, minoritario izatean, joera zabalduz gero indarra galduko bailuke nabarmentzeko modu gisa.

Agian ordua iritsi zaigu, gure lanen publizitatea egitean, sortzaileago ari-tzeko eta beste estrategia batzuk probatzeko, adibidez haien kontra jar-tzen hastearena -berariaz, alegia-. Horixe izan zen gogora etorri zitzaidana Jon Ariza de Miguelen elkarrizketa bat irakurtzean, ustez bere Haizeari begira nobela bultzatzeko (Elkar, 2017), bota zuelarik: “Orain urte asko hautu bat egin nuen irakurriko nituzkeen liburuen inguruan: hilda dauden idazleak hobetsi nituen, ziur egoteko irakurtzen ari nintzena ona zela berez, eta ez unean-uneko famaz jantzitako liburu ustezko onak” (Hitzen Uberan, 2017-XI-10). Ez litzaidake bururatuko norberaren liburu guztiz berriaren zabalkundea autoboikoteatzeko modu hoberik, zeren eta irakurleak arau horren ontasunaz konbentzituz gero, lehenengo ondorio logikoa obra huraxe ez irakurtzea eta are gutxiago erostea izango bailitzateke. Edo egilea zendu arte itxarotea, gutxienez.

Beraz, deliberoa hartu dut nire hurrengo liburuaren prentsaurrekoaren egun-ordua ahalik eta okerren kokatzeko -Bernardo Atxagaren edo Susako edonorenaren batekin batera, adibidez-; haren alde ez, baizik eta aurka hitz egingo duten aurkezleak topatzeko -nik zer dakit, Javier Rojo, Tere Irastor-tza edo Jon Alonso-; errezitaldiak antolatzeko eta, sistematikoki, azken unean huts egin eta ezezta-tzeko, ahal dela publikoa egoitzan dagoela ziurtatu ostean; sare sozialak saturatzeko nire liburuaren aipu negatiboekin -horretarako, eta euskal kritikaren egoera ezagutuz, batzuk nik neuk idatzi beharko banitu ere-; elkarrizketa eta irakurketa tailerretarako gonbidapen guztiei uko egiteko -edo, onartzekotan, Jon Ariza bezain asmotsu aritzeko nire lanaren aurka-.

Ez dakit funtzionatuko duen, baina aldaketa bat izango da, bederen.