Txikienei musika hurreratzeko

Euskadiko Orkestrak hiru ekoizpen sortu ditu 'Musika Gela' hezkuntza ziklorako. Martxan daude jada, Eskola Kontzertuak eta Musika Familian formatuetan. Helburuetako bat musika gerturatzeaz gain, poztasuna transmititzea da

07.12.2021 | 21:44
Euskadiko Orkestra Cirkuseko musikari eta aktoreak.

Txikienei musika hurrera-tzeko asmoz, Euskadiko Orkestrak Musika Gela hezkuntza zikloaren 2022ko denboraldia abiatu du. Izenak dioen eran, musika eta hezkuntza uztartzen ditu, eta, horretarako, arte diziplina ezberdinez osatutako hiru ekoizpen ondu dituzte adin tarte ezberdinetako haur eta gazteentzako. Izan ere, antolatzaileek uste dute era horretan esperientzia osatuagoa bizi dezaketela parte hartzaileek, eta bide ematen dietela bestelako eremuak ezagutzeko ere.

Musika Gela-ren koordinatzailea da Mikel Cañada, eta proiektuaren oinarriak izan ditu gogoan: "Proiektu honen helburu nagusienetako bat da ikasleek zuzeneko musikarekin txikitatik kontaktua izatea, ahal dela, urte luzez, eta, agian, horrela lortu genezake irizpide musikala garatzea ere". Hala ere, argi azaldu du helburua ez dela nahitaez musika hori gustaraztea, baizik eta esperientzia hori bizi-tzeko aukera ematea. "Guk ez badugu proposamen hori egiten, baliteke haurtzaro guztia igarotzea zuzeneko kontzertu batera joan gabe; ahal den heinean, hori ematen saiatzen gara".

Baina horretarako proposamenak ez dira soilik musikalak, diziplina anitzeko proiektuak osatzen baitituzte, arte eszeniko bakarra egon ez dadin. "Gustuko dugu aukera guztiak esploratzea, horrek aberastu egiten baitu". Gainera, Cañadak zehaztu du, oro har, haurrak ez daudela ohituta minutu luzez musika entzutera, eta, beraz, beharrezkoa dela beste arlo batzuekin fusionatzea, osterantzean "zaila" izan daitekeelako arreta mantentzea. "Saiatzen gara istorio bat, gidoi bat zehazten, narratzaile bat duena, hala nola pailazo bat edo aktore bat". Bada, proposamenetan, besteak beste, antzerkiak, dantzak eta zirkuak ere parte hartzen dute.

6 eta 10 urte arteko haurrei zuzenduta dago 'Living Room Music'. M.G.

Hiru dira proiektuak Kasu honetan, hiru dira osatu dituzten proposamenak. Euskadiko Orkestra Cirkus da horietako bat. 3 eta 6 urte arteko umeei zuzenduta dago. "Ikuskizun honetan clown eta akrobazia munduak batu ditugu XX. mende hasierako musikarekin batera". Cañadaren arabera, musika "oso berezia" da, eta erronketako bat izan da adin tarte horri zuzendutako errepertorio "egokia" erabaki-tzea. Horrez gain, istorio bat ere sortu dute: "Pertsonaia oso sentikor bat dago, gauzak gaizki egiten dituela uste du, baina kontakizunak aurrera egin ahala ohartzen da berak ere ongi egin ditzakeela gauzak pazientziarekin eta maitasunarekin bada". Hain zuzen, arduradunak zehaztu du beti saiatzen direla "mezu positibo eta hezitzaile bat" helarazten.

Bigarren ikuskizunari dagokionez, Living Room Music da. 6 eta 10 urteko haurrei zuzenduta dago, eta gaurkotasuna du nagusi: "Etxean itxita gelditu behar izan diren lau musikari dira protagonistak, konfinatuta; perkusioak osatzen du lana, baina instrumentuen ordez, inguruko elementuak darabiltzate". Cañadak, beraz, aditu horiek eginiko lana nabarmendu du, "sekulako ahalegina" egin dutela iritzita. "Lan zailak eta oso konplikatuak dira; badirudi erabat erlaxatuta daudela, baina kontzentratuta egon behar dira". Besteak beste, aurreratu du obra batean hamazazpi lanpara erabiltzen dituztela eta beste batean ura erabiliz egiten dutela musika. "Ikusteko, entzuteko eta bizitzeko oso zirraragarria da".

Hirugarren eta azken lana, berriz, Botadun Katua da. Hau ere Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago. "Erraldoiak diren txotxongilo batzuk erabiliz botadun katua ipuinaren bertsio orijinalaren narrazioa egiten da, orkestra batek interpretatzen duen barroko garaiko musikarekin".

Txotxongiloen bidez kontatuko dute 'Botadun katua'. MUSIKA GELA

Formatuak Eskola Kontzertuak formatua erabiltzen da proposamen hauek ikasleei hurbiltzeko, baina bada familia osoei zuzendutako bat ere: Musika Familian. "Azken batean, nahiz eta hezkuntza dugun asmo, ez dugu eskola bat ematen; asmoa da en-tzun eta gozatu dezatela, eta zeharka bada ere hezitzaileak diren elementuez disfrutatzea". Esate baterako, Euskadiko Orkestra Cirkus ikuskizunean, musikariak ezkutatu egiten dira, eta instrumentuak jotzen dituzte; ikusleek, ikusi gabe, asmatu egin behar dute zein den instrumentu horietako bakoitza. "Jolas bat dela uste dute, baina elementu hezitzailea hor dago; beraien belarria hezi ahal izatea da helburua".

Bi formatu horiez gain, badago beste aukera bat ere: entsegu irekiak. Horrek aukera ematen du orkestrako musikari profesionalen lanak gertutik ezagutzeko eta estreinaldi baten aurretik entsegu batera joateko. Kolektiboei, ikastetxeei, kontserbatorioei eta unibertsitateei zuzenduta dago, eta martxoaren 10ean izango da Donostiako Kursaaleko auditorioan. Hector Berliozen Sinfonia fantastikoa interpretatuko dute.

Cañadaren esanetan, jarduera horiekin helburu dute "poztasuna transmititzea", hori erdiesteko musika eta arte eszenikoak "primerakoak" direla iritzita, eta, are, azken aldian izurritearen ondorioz gizartea "efektu negatiboez" inguratuta dagoela gaineratuta.

noticias de noticiasdenavarra