Leurtzako urtegira irteera antolatu dute Solaslagunek
Mendilagunak egitasmoaz gain, Parkelaguna ere antolatu dute
euskara - Solaslagunak programaren baitan, Leurtzako urtegira ateraldia antolatu dute Mendilagunek apirilaren 30ean. Larunbat goizeko 10etan Doneztebeko Titi ostatuan kafetxoa hartu eta autoak antolatuko dituzte Leurtzara joateko. Urtegien inguruan bizpahiru orduko ibilbidea eginen dute, Itziar Irastorza Doneztebeko solaslaguna gidari dutela. 14:00etan bazkaria izanen dute Beintza-Labaiengo Orbela aterpetxean. Bazkarian izen emateko epea apirilaren 25ean akituko da, Solaslagunaren txokoan, 610 920 673 telefonoan edo solaslaguna@topagunea.org helbidean. 15 euroko menua izanen dute (salda, entsalada epela, oilasko izterrak labean eta txitxi-pilotak, etxeko flana eta izozkia, kafe edo infusioa, ardoa eta sagardoa.
Parkelagunak Honetaz gain, Parkelagunak egitasmoa ere aurkeztu dute, gurasoak haurrak zaintzen ari direlarik, haien artean euskara praktikatzeko elkartuko dira astean zehar. Seme-alaba ttikiak dituzten gurasoei zuzendutako aldaera da eta haurren ordutegi edo zaintza beharretara egokitua dago. Taldeak osatuko dituzte, euskaraz dakitenak, ikasten ari direnak edota praktikatu nahi dutenak, aukeratutako ordutegi eta egunetan euskaraz solasteko. Parkelagunak umeen zaintzaz arduratuko dira Mintza-taldean dauden bitartean. Bi baldintza baino ez dira bete behar. Batetik, euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila edukitzea eta bertzetik, gutxienez astean behin ordubete inguruz taldearekin biltzeko konpromisoa hartzea (behin taldeak osatuta, zehaztuko dira ordua, aste eguna eta elkartzeko lekua.
Izen ematea apirilaren 25era arte egin daiteke Solaslagunaren Txokoan, Baztan, Bortziriak eta Malerrekako Euskara Zerbitzu edo ikastetxeetan.
Bukatzeko, maiatzaren 14an Atarrabian eginen den Mintza Egunerako autobusa ere antolatu dute. Txartelak 22 eurotan daude salgai (bazkaria eta busa) eta bazkariarena bakarrik 17 eurotan.