Udaberriko Merkatua prestatzeko bilera gaur
Maiatzaren 22an antolatu du Euskara Batzordeak, Udaberriko bestetan
igantzi - Igantziko euskara batzordea Udaberriko Bestak prestatzen ari da, maiatzaren 20, 21 eta 22rako. Horren barrenean, aurtengo merkatua maiatzaren 22an, igandearekin, izanen da. Frontoian izanen da, eta egun osoan egonen da idekia, goizeko 11.00etatik arratsaldeko 6.00ak arte. Hau guztia antolatzeko bilera eginen dute gaur 19.30ean Elizatean (lehenagoko udal bulegoetan).
Aurten, merkatuan bilduko den dirua banatu eginen da. Erdia auzoen errotulazioa akautzeko izanen da, herriko eta Berrizaungo panelak egitea falta baita. Bertze erdia eskolarentzat izanen da, emozio hezkuntzako programa diruz laguntzeko.
Aitzineko aldietan bezala, oraingoan ere merkatuan salduko diren puskak herritarrek beren borondatez emanak izanen dira. Herritarrek bueltan hartzen ahalko dituzte egun horretan saltzen ez diren beren puskak. Bertzela, Paris 365 proiektura joanen dira, edota zabor biltzaileari emanen zaizkio.
Maiatzeko lehen egunetan merkatua antolatzen ari den taldeetako kideak etxez etxe ibiliko dira, behar den informazioa emanez. - A.A.A.