LESAKA - Gure Esku Dago dinamikaren baitan Bortzirietan sortu den Eman Bor-tzekoa elkartea aurkeztu zuten igande eguerdian Harriondoa Kultur Etxean. Bortz herrietako hainbat aurpegi ezagunek parte hartu zuten aurkezpenean, baita ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek ere.
Joseba Olagarai eta Estitxu Fernandez kazetariek aurkeztu zuten ekitaldian aipatu zutenez, “Onineko zubiak ezpatadantzan egiten duen moduan, zubiak harremanak moldatzeko, sakontzeko balio dute, suntsitutakoa eraiki-tzeko. Zubiek, oraina eta Etorkizuna lotzeko balio dute, gaurtik biharko eguna eraiki-tzeko”.
Eman Bortzekoa elkartea Gure Esku Dagok hasitako bidea gauzatzera datorrela ere aipatu zuten, “herri galdeketa egitera gatoz, herritarrek etorkizunean herri gisa zer izan nahi duten galdetzera gatoz. Udaberrian egin nahiko genuke galdeketa hori, Mendialdea eta Sakanarekin batera. Herriari galdetu egin nahi diogu, herritarrok erabaki dezagun herri gisa zer izan nahi dugun. Etorkizuna gure eskuetan hartu eta eraiki nahi dugu, gaurko ametsak biharko egi bihurtzeko”.
Herri galdeketaren bidea hasi baino ez dutela egin ere onartu zuten, “denen ekarpenak eta partehartzea da aberasgarria. Azkenean auzolan erraldoi bat izatea nahi dugu, bakoitzak ahal duen horretan ekarpean eginez”.
Hasteko, sinadura bilketa erraldoi bat jarriko dute martxan, galdeketa deitu ahal izateko beharrezkoa baita. “Beraz, hemendik dei egiten dizuegu, Bortziritar guztiak sinatzera animatuz. Aterako den emaitzaz haratago, galdeketa egitea da helburua, partehartze haundia litzake arrakasta”. - A. Arotzena