LESAKA - Donostiako Zinemaldiko estreinaldia eta gero, hainbat herritan eskaintzen ari dira Gutik Zura dokumentala. Urtarrilaren 21ean, larunbat arratsaldeko 7etan Lesakako Harriondoa Kultur Etxean eskainiko dute. Sortzez leitzarrak baina aspaldian Lesakan bizi den Mari Jose Barriola zuzendaria ere bertan izanen da, azalpenak emanez.

Sarrera 3 eurotan salgai dago astelehenetik ortziralera, 10.00etatik 14.00etara Turismo-Kultura Bulegoan eta egunean bertan ere salgai izanen da sarreran.

Egurraren lehena, oraina eta etorkizuna landu dute Mari Jose Barriolak zuzendutako dokumentalean eta bide batez, egurrak Euskal Herriko gizartearekin izan duen harremana gizarteratu nahi izan dute. Tartean, hainbat lagunen lekukotasunak bildu dituzte.

Lesakako emanaldiaren ondotik, otsailaren 4an, 19.00etan Berako Kultur Etxean eta otsailaren 5ean, 18.00etan Donezteben zineman eskainiko dute Gutik Zura dokumentala. - A.A.A.