Síguenos en redes sociales:

Udalekuetan izen emateko epea zabalik Bortzirietan

Begirale izateko lan poltsan parte hartzeko epea ere ireki dute

arantza - Urtero bezala, Euskara Mankomunitateak udaleku irekiak antolatu ditu, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin eta Dindaia Fundazioarekin elkarlanean, eta LaCaixa-Obra Soziala erakundearen babesean.

Arantzan, Beran, Etxalarren eta Igantzin udalekuak uztailaren 3an hasiko dira, eta uztailaren 28ra arte arituko dira. Lesakan, uztailaren 17an hasiko dira, eta abuztuaren 11n bukatuko. Herri guztietan, udalekuak 10.00etatik 13.00ak arte izanen dira. 3-12 urte bitarteko neska-mutikoentzat dira.

Izen ematea maiatzaren 22an, astelehena, hasiko da, eta zabalik egonen da ekainaren 2ra arte, ortziralea. Bi bide izanen dira izen emateko: bata, mankomunitatearen web orriaren bitartez (www. bortziriak.eus), eta bertzea telefonoz deituta (948 634 125). Taldea sortzeko beharrezkoa da herri bakoitzean gutxienez 8 neska-mutikok izen ematea.

Udalekuetan onartuak izateko lehentasuna izanen dute Bortzirietan erroldatuak eta bertako ikastetxeetan (D eta B ereduetan) matrikulatuak dauden ikasleek.

Udalekuetan lau asteetarako edota bi astetarako izen ematen ahalko da. Horrez gain, zailtasun ekonomikoak dituzten familiek matrikularen % 50 ordainduko dute.

Begiraleak Mankomunitateak begiraleentzako lan poltsa osatzeko deialdia ere egin du. Parte hartzeko nahikoa da DBHko titulazioa izatearekin eta euskaraz jakitearekin (C1 maila). Interesatuek eskaera eta dokumentazioa Euskara Mankomunitatean (Herriko Plaza 7, 2. 31790 Arantza) aurkeztu behar dituzte, ekainaren 7a baino lehen eta proba bakarra egin beharko dute, ekainaren 19an 10.00etan hasita, Berako Beralandetan. - A.A.A.