bera - Agosti Xahok egin zuen ibilbideko zenbait herritatik iraganen dira AztiHitza ikuskizunaren saioak maiatzean eta ekainean. Xahok 1835ean egindako ibilbidea du ardatz Asisko Urmenetaren AztiHitza eleberri grafikoak, eta berau oinarri harturik, AztiHitza ikuskizuna prestatu dute hainbat artisten artean (solasaldi marraztua eskainiko du Asiskok) Lehendabiziko hitzordua ortzegunean izanen da Beran, eta ondoren Goizuetan (hilaren 17an), Uitzin (24an), Senpereko Oihanean (29an) eta Saran (31n). Ekainaren 6an Leitzan eta 14an Ezkurran izanen dute AztiHitza ikuskizunaz gozatzeko aukera.

Berako emanaldia ortzegunean 18.00etan izanen da herri-liburutegian, liburutegiak, Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak antolatua. Hitzorduotan AztiHitza liburua ezagutzeko eta eskuratzeko aukera izanen da.

Eta udazkenaren hastapenean Xahoren ibilbidea bururatuko dute: Baiona, Lekunberri eta Lesakan gaindi.

Xaho, heroi nazionala “Euskal Herriko heroi nazionala” den Agosti Xahoren figura aldarrikatu eta haren proposamen eta gogoetak gogora ekarri ditu marrazkilariak eleberri grafiko honen bidez. Errealitatetik oso hurbil dagoen fikzio batetik abiatu da egilea istorioari hasiera emateko: “Bizkaitar batzuek Atharratzeko trinketea erosi dute, eta bertako gazteei utzi, nahi duten gisan kudeatzeko. Baldintza: Bertan sortu zen Agosti Xahori (1811n) omen egitea. Bazuen aspaldi Basaburuko gazteak egoitza xerka ari zirela, eta onartu egin dute tratua. Baina hasteko? Nor zen Xaho hura?”. - A.A.A.