Zugarramurdi eta Amaiur ere, bi urteren ondotik, Amabirjin bestetarako prest daude. Xaretako herrian, ohikoa duten bezala, igandetik ortzegunera arte ospatuko dituzte bestak, Baztango herrian, berriz, aurten bi zatitan eginen dituzte, igandetik asteartera lehenbiziko zatia, bi eguneko atsedenarekin, berriz ortzirale eta larunbatean bestetan murgiltzeko. Asteburuarekin bate egiteko helburuarekin antolatu dituzte horrela. 

Zugarramurdin urtez urte ohiko ekitaldiak egiten dituzte, nahiz eta aurten izanen den ere berrikuntzarik. Igande arratsaldean, jokobesta eginen dute, aspaldiko partez berreskuratutako herritarren arteko joko dibertigarriak. Astelehenean, Donibane Lohizuneko Begiraleak Dantza Taldearen ikuskizuna antolatu dute. Bertze gisa, dantzaldiak, bertso saioa, herri kirol erakustaldia eta azken egunean leizean egiten den zikiro jate jendetsua nabarmentzen dira. 800 lagun baino gehiago elkartzen dira, besten finantziazio iturri garrantzitsuena den ekitaldian. Pasa den larunbatean jarri zituzten salgai txartelak, 40 euroan, eta oraindik bada erosteko aukera, norbaitek interesa izanez gero. 

Dena den, bestak igande honetan hasiko badira ere, larunbat honetan 21.00etatik aitzinera kontzertuak izanen dira plazan, Z.I.E.K., Aho zakil konekxion, Kamuts eta Gezi taldeekin. 

Amaiurren aurten bi zatitan eginen dituzte bestak. Igandea honetan, ohikoa den bezala, bezpera eguna izaki Baztan Zopak aipatu behar. 400 lagun inguruk leporaino beteko dute frontoia, bestei giro paregabean ekinez. Biharamunean, berriz, Artzain Egunak jendetza erakarriko du, azienda erakustaldia, gasna eta ardi lehiaketak, eta arratsaldeko artzain txakur txapelketa entzutetsuarekin. 

Egunez egun egitarau zabala izanen da Amaiurren, eta asteazken eta ortzegunean atseden hartu ondotik berriz ere ortzirale eta larunbatean besten azken txanpari ekinen diote amaiurtarrek.