Aurtengoan 50 urte betetzen ditu Ikastolako barrakak, 1975eko jaietan lehen aldiz jendaurrean aurkeztu zena. Lehenengo barraka hura Lizarratik ekarri zen, eta azokaren ondoan jarri zuten, txurro-dendaren alboan, egun Rincón del Chato edo del Paje bezala ezagutzen duguna; Aguazon peñak kontzertuak egiten dituen toki berean. Hurrengo urtean Logroñora joan ziren Ikastolako guraso batzuk, feriante batekin hitz egitera berezko barraka bat eraikitzeko. Hortik gutxira pasalekuen ertzera pasa zen eta bertan jarraitzen du egun arte.

Barraka ipini eta zazpi urtera, 1982ko abuztuaren 20an, ostirala, zoro batek (vox populi izan zen ustezko eragilearen izena, nahiz eta ezin izan zen frogatu) gasolinaz busti eta su eman zion. Ondorioak benetan kaltegarriak izan ziren eta orduko milioi pezeta inguruko galerak izan ziren. “Ikastolako taberna”, egunkari batean baino gehiagotan izendatu zitzaionez, era bat txikituta geratu zen.

Berehalakoa izan zen erantzuna; Erriberriko gazteek bere barraka utzi zuten jaietako azken bi egunetarako, 1982an jaiak bi egun luzatu baitziren. Bi egun horietan jaietako gunerik jendetsuena izan zen. Tafallako Udalak gertakariak gaitzetsi eta bankuko kontu korronte bat ireki zuen, non lehenengo 100.000 pezetak sartu zituen. Handik bederatzi egunera, abuztuaren 29an, jaialdi bat antolatu zuten eretan, non Enrike Zelaia akordeoilari ezagunak jo zuen. 1.200 bat lagun bildu ziren bertan. Horri esker barraka berri bat eraiki zuten hurrengo urterako, aurrekoa baino handiagoa eta praktikoagoa, egun arte dirauena. 2006. urtean sukalde-zabalkuntza bat egin zuten.

Barraka, auzolanean

Txanda betetzea beti izan da batzar denen buruhauste handienetako bat. Hala, era guztietako jarrerak eta balorazioak egon dira eta modu desberdinetan saiatu dira hori kudeatzen.

1981ean guraso guztiak barrakatik pasatzea proposatzen du presidenteak. Handik zortzi urtera, 1989an, oraindik izena eman ez zutenei, izena eman edo bere ordez norbait izendatzeko eskatzen zaie. Hurrengo urtean asnabladak onartuko ez zuen proposamena mahaigaineratzen dute: barrakan parte hartu ez zutenek lortutako etekinaren kuota ordaintzea, dauden familien artean zatituta (16.00. pezeta). 1998an parte hartuko ez zutenei, txandak bete ezean, kanpoko langileak kontratatzeko borondatez dirua emateko eskatzen zaie. 2003an egun arte dirauen metodoa proposatzen da; txandak kodrilaka egin ordez, gelaka egitea. Sekulako balorazio positiboa izan zen orduan, eta 2025ean berdin-berdin mantentzen da.

Nolanahi ere, betidanik egon da tesi bat zeinak barraka eta Ikastolaren hezkuntza proiektua bereizten dituena, eta hori dela eta beti izan da borondatezkoa lan egitea edo ez egitea. Hala eta guztiz ere, batzarretan etengabean parte hartzera animatu dira gurasoak. Hala, esan beharra dago, parte-hartze handiagoarekin edo txikiagoarekin, barraka beti egon dela zabalik jaietan 44 urte hauetan zehar.

Txandaz txanda Urteak joan, urteak etorri, barrakak jaiak bizitzeko modu desberdinetara egokitu behar izan du. Anitz urtean entzierroaren ordua arte zegoen zabalik, topera lanean. Tafallar askok gogoratuko zute, ziur aski, entzierrilloa goizeko 5:00etan zela eta barraka jendez beteta zegoela. Argiak itzali egiten ziren une batez, musika kendu, eta gero berriro irekitzen zen.

Hasieran, 1979an, abuztuaren 11tik 20ra arte irekita zegoen egunean zehar, eta 14tik 15era bitarteko gau osoan. 1988an hurrengoa proposatu zen: barraka arratsaldeetan ireki eta bi txanda egitea, 11:00etatik 23:00etara eta 23:00etatik ixteko ordura arte. Handik zortzi urtera, 1996an, hiru txanda egitea planteatu zuten: 11:00etatik 19:00etara, 19:00etatik 00:00etara, eta 00:00etatik ixteko ordura arte. Hiru txandatako sistema honek ez zuen behar bezala funtzionatu, eta ez zen berriro saiatu. Ordutik bi txanda egiten dira: 11:00etatik, 19:00etara, eta 19:00etatik itxi arte.

Zalantzarik gabe, oilasko erreta da barrakako produktu izarra. Betidanik izan du tafallarren artean estimu handia; oso goxoa baitago eta oso praktikoa baita bazkaltzeko edo afaltzeko, bai barrakako mahaietan (lehen Udalak utzitakoak eta orain berezkoak), bai etxean edo bai elkarteetan.

Oilaskoak ez ezik, bokatak, frijituak eta errazioak jan daitezke barrakan. Ogitartekoekin aldaketa asko egon dira. Hasieran ogitarteko hotzak saltzen zituzten (urdaiazpikoa, txorizoa…). Ondoren txistorra, solomo eta hirugihar bokatak agertu ziren. Patata tortilla sartzeak arrakasta handia izan zuen bere garaian, txibien bokaten antzera. Badira urte batzuk plantxak kendu zituztela, eta orain ogitarteko gehienak kanpotik ekarri eta bertan berotzen dituzte. Berriki saltxitxa fresko bokata gehitu da, 2024ko jaietan sekulako arrakasta izan zuena. Frijituen eta raben sarrerak ere harrera ederra izan zuen; eta zer esanik ez saltzen diren ehunka patata frijitu kukurutxoez.

Lehen, janari nahiz edari guztia gordetzeko, Tubal jatetxeako jabea zen Atxen Jimenezek doan lagatzen zuen etxabea erabiltzen zen. Duela gutxi, Jacinto Harategia zena erabiltzen hasi zen, Goñi anai-arrebek utzita. Eskerrak familia osoari, Atxeni, baita Molina familiari ere, duela hamaika urte uzten zuen lokalarengatik.

Hamaika kontu gehiago aipa zitezkeen, barraka baita gurasoen batzarretako nahiz asanbldadetako gai nagusienetako bat. Denetarik aipatzen da bileren aktetan: kadenetak, pegatinak, musika-katea, musika zintak eguneratzeko beharra, saltzen diren kamisetak, izotz-makina, hornitzaileak, egon den lapurretaren bat, frikigailuak garbitzeko beharra, galdutako gauzak… Eta zer esan bertan tafallarrok bizi izan ditugun makina bat istorioei buruz, jan ditugun bokata, oilasko eta patata kukurutxoei buruz, ezezagun (edo ezagun) batzuen alboan afaltzera behartzen duten egurrezko mahai luze horiei buruz. Zer esan bananondo horien azpian, oilasko eta frijitu usainpean, izkuturik geratu diren pasadizo horiei buruz.