auzak betiko moldean joan izatera, asteburu luze honetan ospatuko ziren azken festak, bai Iruñerrian, bai hiri barnean ere, Etxabakoitzen eta Lezkairun, hain zuzen. Aspaldi-aspaldian, Iruñeko jendea Sotora joaten zen egun pasa, Pilaretako Ama Birjinaren egunean, bazter haietan ia etxerik batere ez zenean. Hura erromeria bezalakoa izaten zen, besta giro on-onean: bazkaria, karrikadantza eta kantua. Orain, errotik aldatua dago dena hiriaren hegoaldean, baita Lezkairu zaharra zere, ia Mutiloarekin bat-eginik, Mutiloa bera bat-eginik dagoen bezala, ez baitago ofizialki ez Mutiloa goitirik, ez beitirik. Aspaldian joan ez bazara, nekez aurkituko duzu garai bateko erreferentziarik. Gauzak horrela, urteak ere errotik aldatua dirau. Martxo aldean, argi zegoen ez zela Sanferminik izanen, baina artean ere Sanfermin Txikiak ospatzeko itxaropenik bazen, 78ko festa txikiak gogoan. Uda parteko bero zakarrak, gainera, birusak oro kiskalduko zituen. Okerraren okerra. Bizkitartean, hiriburuko udalak eta inguruko zenbaitek ezohiko urte honen gaineko lekukotasuna jaso nahi izan dute arloz arlo, baita ez-jaiei buruzko testigantza ere. Iruñekoak, konparaziora, ekimen bat abiarazi zuen Sanferminak ospatu "ez" ziren egunetako giroa jasotzeko eta jendea elkarrizketatzeko. An-tzera ere herri mugakide batzuetan. Pentsatzen dut, testigantzen artean, udalak berak erdara hutsean Gazteluko plazan paratutako harako esaldi hura bildua dagoela: "Los Viviremos 2021", gaitz berriarena hilabete gutxi batzuetako kontua izanen zelakoan. Noizbait ere kendu zuten, udan gauzak okertzen hasi zirenean. Izan ere, hilabeteak joan, hilabeteak etorri, eta azken egunotako kutsatuen kopurua ikusirik, dena zalantzan dago eta auskalo noiz aterako garen atakatik, non ez den mirarizko sendabiderik agertzen.