Miguel Herrero Rodríguez de Miñóni Madriletik EAJren laguna izatea eta “euskaldun” (tasuna-goa) Konstituzioan kokatze nahia aldarrikatzea gordin leporatu izan diote. Sabino Arana Fundazioak 1999ko urtarrilaren 31n eman zion saria ere onartu zuen ausardiaz. Gainera Eskubide Historikoei buruzko liburu bat idatzia du. Miñonek “Gora Espainia!” oihukatuz eta bere burua espainolistatzat joz Arriaga Antzokiaren txaloak jaso zituen. Jakintsuen eran: “Esker oneko hitzak, besterik ez, Sabino Arana Fundazioari, sari honekin saritzeagatik. Sari honek nire ahaleginak aitortzen ditu, lehenik konstituziogile gisa, gero legebiltzarkide, aspaldidanik, analista politiko eta konstituzionalista gisa Euskal Herriaren eskubide historikoen erabateko onarpenaren alde. Urteetan zehar ideia hau defendatu eta zabalduz aritu naiz: Euskal Herriak, bere osotasunean zaharberrituta, bere etorkizunaren jabe izan behar du, demokratikoki erabaki behar du, eta bere nortasun historikoak eta egungo aniztasunak behar duena errespetatu behar.

Hiru arrazoirengatik defendatu dut jarrera hau. Lehenik eta behin, uste dudalako justizian Foru Historiari eta Euskal Herriaren nazio nortasunari dagokiena dela. Bigarrenik, uste dudalako hori dela bide bakarra euskal gizartearen adiskidetzea lortzeko eta haren oinazea gainditzeko, iragan ekaiztsua eta banatua itxaropen komunez beteriko etorkizun bihurtzeko. Hirugarrenik, denok dakizuenez, erabat espainolista naizelako eta uste dudalako bere eskubideen osotasunean berrezarritako Euskal Herri batek bakarrik berreskura dezakeela borondatez Espainiako gainerako monarkiarekin hitzartutako tratu sekularra. Agirre lehendakariaren hitzetan, 1935eko abenduaren 5ean, horrek aukera ematen zien euskaldunei, abertzaleak barne, «Gora Espainia!» oihukatzeko. Nik ulertzen dut esfortzua zaila dela. Zaila hemen hauxe esatea eta nik egiten dudan lekuan defendatzea zailagoa. Horregatik, sari hau, nire esker ona errepikatzen dudanerako bultzadarik handia da”. Bejondeizula, Miñón jauna!