Beroak itotzen gaitu. Ni, muturreko tenperaturek eraginda, buruko minetan ibiltzen naiz egunotan. Basoetan galtzen naiz freskura erdiesteko xedez, eta han, bai, han bestelako arnasa hartu ahal da. Zuhaitzen adarren abaroan jesarrita, beren botere baltsamiko edo katartikoa senti daiteke giro asaldagarritik urrun (une batez bada ere).

Hondartzetako giro kiskalgarriaren kontrako antidotorik ohikoena, bainua, ez zait oso erakargarria egiten, jendea samaldaka abiatzen baita egunotan ur-ertzera, botatako izerdia kresalezko urarekin nahastera. Han ere, tenperatura goriek, eta gerizpe faltak tortura bilakatuko dute edozein egonaldi.

Egia da eguraldi apetatsua nahiko ilun ibili dela azken egunotan, eta horren ondorioz, eguzkiak ez ditu bere izpi astronomiko guztiak erabat jaurtiki. Gustura ilun egoten denean. Beste batzuek ordea, kexaka ibiltzen dira kostaldean pisua alokaturik dutelako, edota hotelean hainbat egun harturik, eta ezin dutelako zeruko erregea ikusi. Tira, denak ezin asetu. Kontua da, abuztuko lehen egun hauetan (eta aurrekoak ere bai) alerta gorrian izan garela Euskal Herrian, tenperatura itzelak neurtzen baitira toki orotan.

Aurretik ere izan ditugu horrelakok, izan ere, mundu mailako klimari buruzko buletin bat argiratzen du Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuak, eta datu guztiak kontuan hartuta, inoizko ekainik beroena izan dugula ondorioztatu du ikerketarako gune horrek. Beroaldi horrek bere eragin eta ondorio ia estandarrak izan ditu hainbat herrialdetan. Hala, Italian, Alemanian, Frantzian edota Suitzako Alpeetan sekulako uholderen irudiak ikusi ditugu. Harrituta begiratzen ditut beti ur-emari beltzezko erreka horiek, harri itzelez kargaturik, harriak plastikozko pilotak balira bezala, saltoka, arrastaka, dena triskatzen. Eta ur suntsitzailearekin batera, sute kiskalgarriak hasi dira jada mundu bazterretan. Zenbat zuhaitz, baso, txori, animalia betiko galduta. Zenbat! Ekosistemen desagerpen azeleratua dator arazo global hori konponbiderik jartzen ez badiogu. Basoak izango dira gure salbatzaileak, hortaz, zuhaitzak landatu!