Koldobika Jauregi artista eta pertsona konprometitua Giza Eskubideekin (GGEE) orain dela gutxi zendu zen, joan zitzaigun. Supituki. Bapatean. Baimenik gabe. Tamalez. Tristuraz. Horrela, Donostia Taldeko Amnistia Internazionalekoek, emakume eta gizonek, gazte eta ez hain gaztek, erabat atsekabetuta, bere Alkizako omenaldirako hitz batzuk prestatu ditugu. Laguna genuen. Kidea. Bere artistaren obra batzuk oparitzen zizkigun urteoro Donostiako GGEEn Zinemaldi lehiaketarako. Hitz hauek zuzendu genizkion bihotzaren eskuez idatzita: Tristea da agur esatea eta jakitea maite duzuna ez duzula inoiz gehiago ikusiko. Baina esaten dutenez inor ez da hiltzen maite izan dutenak betaz gogoratzen badira. Eta guk, Donostia Taldeko A. I. kideek, ez zaitugu inoiz ahaztuko.
Gehiago esango dizut, Koldobika guztiz maitatua, Donostiako A.I.ko Taldearen bihotz taupada, goxo baino tinko bakoitzean zu zaitugu gogoan. Bihotza, jakina da, taupadaz bizi da eta GGEEen defentsa zu bezalako pertsonaz osatzen da. Zuk zeuk, zeure izaera, pertsona eta arte paregabea eskaini zenigun GGEEen alde jarrai genezan lehian. Azken finean elkarlotu, ehundu, egin zenituen GGEE eta artea, artea eta GGEE. Zeure izaera guztiz eskuzabala ezinbeste eta derrigorrezko erreferente bat bilakatu zitzaigun luzaro, urteoro. Nola esan zuri “agur”. Badaude, Koldobika, hitz eder eta polit asko hizkuntza guztietan. Donostia Taldeko A.I.ko kideek bat, bakar bat soilik, aukeratu dugu bereziki zuretzat. Hitza “Eskerrik asko” da. Gorde ezazu bihotzean hitz samur eta gertu hori, geure zeurekiko betiko esker onak zure bihotzean gorde itzazu taupadaren bidez. Eta horrela zeure eta geure bihotzen taupadak elkar lotuko gaitu betirako. Betirako bai, eternitatea deritzon horretan, non eta esaten dutenez, espazioa eta denbora bat egiten dutena hain zuzen. Amaitzen dut, amaitzen dugu, zauden lekuan zaudela Koldobika eskerrik asko, ez adiorik, ez agurrik, beti arte baizik. Besarkada lagun.