Erregeak datoz erregeak datoz presaz Belena, presaz Belena, guk bila dezagun, guk bila dezagun, ahal den lehena, ahal den lehena. Ate txokoan oilar bi, batak bestea dirudi; etxe hontako etxekoandreak Ama Birjina dirudi”. Abendua da, 71 urte bete berriak ditut. SanTomas egunean hain zuzen. Eta ama Xixileren “tranpatxo” batetaz ohartu naiz ustekabean, ustekabean bai. Ay ama! 60 urteren ondoren. Ama Xixili mende laurden luzea mundu honetatik alde egin zuela, 26 zehatz mehatz. Pozik aurpegiratuko nioke jakin berri izan dudala bere gezurtxoa. Agian lerro hauek idazten ari naizen honetan han urruti konturatu eta irribarrez ari zait. Honaxe bere gezurtxo hunkigarria, hona hemen bere tranpatxo maitekorra: Errege bezpera egun magikoa zen guretzat, ume eta haur guztiontzat bezalaxe.
Donostiako Alde Zaharreko “Bretxa”n bertantxe genuen hitzordua beraiekin, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrekin, arratsean. Euria aritu, xirimiri leuna ala ur bortitzak. Hiru magoak ikusi bezain laster Ama Xixili abesten hasten zen ahots leunez, hobeto esan, hasten zitzaigun bere hiru seme alabei, niri, Aran eta Juanrari. Baina abestiari, “Billanzikoari” letra zertxobait aldatzen zion, hau da, “Presaz Belena” esan beharrean, bere ordez, beste honoko hau abesten zuen “Bretxan barrena”. Presaz Belena- Bretxan Barrena. Eta gu geu txiki txiki hirurok, oso pozik, alai guztiz, urduritasunak jota…noski! Bretxan gaude eta. Bretxan gaude erregeekin. Errege eguna magikoa zitzaidan bai, gauez entzuten nituen bai maindire artean nire aurpegia gordetzen nituelarik, entzuten nituen bai bere ahots eta urratsak. Goizean goiz esnatu eta gameluei utzitako un pitxarrak hutsik, pastat desagertuak eta “anis del mono”ko hiru kopatxoa hutsik: ama, aita gameluak ura edan dute eta erregeek patxarra edan !! Ay ama!! Zoriontasuna. Hiru opari multzotxoak, bakoitza bere paperaren jabe ginelarik geure izenak hizki handiz: Josemanuel, Arantxita, Juanramon. Opari ekarri berriak. Bretxa-tik noski. Haruntz noa Patri-rekin. Bretxa-ra.