Foru” eta “firu” berbak euskarak aspaldi mailegatu zizkion latinari eta bertokotu. Lehenengo hitza euskaldunok erabili eta erabiltzen dugu, besteak beste, euskal herrietako instituzio juridikoak izendatzeko bezala herri bat izendatzeko. Bigarrena, berriz, euskaldunok “hari”aren sinonimo gisa erabili dugu, bai eta, azken hitz honekin batera, hariaren (firuaren) zenbait aldaera izendatzeko ere.
Hartan-horretan, aste honetako astelehenean Gernikara joan nintzen, aspaldi izan barik nintzelako foru-hiribilduan. Bide batez, sasoi batean sarritxo joaten nintzen taberna batera hurreratu nintzen, eta hara ustekabea: behinolako “Zallo” taberna “Isibengo” taberna bihurtuta ikusi nuen. Hasieran ez nintzen konturatu tabernaren izen berriaren esanahiarekin, baina halako batean konturatu nintzen gaztelaniazko “y si vengo”ren transkripzio fonetikoa zela. Eta horrelaxe jabetu nintzen igarri barik gauzatzen izan den jazoera honekin: hizkuntza-paisaia deritzona euskaratik gaztelaniara higitzen doa.
Francoren sasoian tabernei euskal izenak ipintzen zitzaizkien/genizkien geure nortasunaren adierazgarri.
Azkenengo urteetan, ostera, zabaltzen diren taberna askori, inguru batzuetan behintzat, gaztelaniazko izenak, askotan deskriptiboak, ipintzen zaizkie/dizkiete. Aste honetako asteazkenean, Deustun zehar nenbilela, konturatu nintzen San Pedro plazaren ondoko “Etxepe” taberna “El paraíso” bihurtua zela. Eta Bilboko erdialdeko taberna zabaldu berriei begiratu baino ez zaie egin behar.
Foruak dira gure-geure instituzioak, Sabin Arana Goirik esango zuen legez, “lagi zarra”. Lege zahar hori euskal herrien burujabetasunaren adierazgarria izan den moduan, gaur egun erabiliaren erabiliaz gure nortasunaren janzkia maizten doa, firuak banan-banan agertzen doaz, eta jantzia desegin. Forua da gure nortasun bereziaren ezaugarria; firua, berriz, gure itxura geroago eta erdaldunagoaren erakusgarria. Konturatu gara gure nortasuna ukitzen duen itxura-aldatze horrekin?