Espainia kiskaltzen ari da, eta abuztuak ekarri dizkigun muturreko tenperatuei, bere lurraldean piztu diren sute askotatik sortzen den erre-sunda gehitu behar diegu (batzuetan piromano nardagarrien zoramenaren erruz eginak).
Kontuak beldur pixka bat ematen du, izan ere, Gaztela eta Leonen, Galizian, Madrilen, eta Andaluzian piztutako suteek milaka hektarea kiskaltzen segitzen dute, eta horren ondorioz, Espainiako Herrizaingo Sailak larrialdi aurreko fasea ezarri du hainbat komunitatetan. Probintzia horietako herri askotatik mobilizazio masiboak izan dira herritarrak seguru jartzeko. Bitartean ehunka suhiltzaile buru-belarri ari dira munstro erregarriaren kontra dituzten baliabide guztiak erabiltzen, eta izerdia litroka botatzen.
Gizakiaren neurririk gabeko anbizioak sortu duen berotze globalaren eta alarma klimatikoaren ondorioz tenperatura kiskalgarriak hasi gara neurtzen toki orotan, eta horretan, bizi garen ipar honetako geografia ez dago salbu. Gero eta luzeagoak eta ugariagoak diren bero bolada horiek larriagotzen dute mendietako egoera, aire idorra eta baso-suterako oinarrizko txinparta aktibatuz.
Antzeko dabiltza Europan. Frantzian, egunetan ibili dira su-garren kontra borroka desesperatuan, eta Turkian, magnitude deskribaezineko suterik hilgarriena ez dute oraindik kontrolpean. Horrelako irudiak, uda guztietan bilakatu dira ohiko, eta ez dut uste etorkizunean gure pantailetatik desagertuko direnik.
Tristea da ikustea ikaztutako milaka hektarea, basoak, ekosistema berdingabeak, bertako animalia guztiak, inguruko etxebizitzak, bai eta parerik ez duten erreserba naturalak ere.
Ekaitzen zain izango gara Espainiako alderdien arteko ekaitz politikoak datozen bitartean, errua besteari leporatzeko usadioa kirol politiko bilakatu baita.
Ea haizea baretzen den ere adi egongo gara. Zorionez, haize horrek ez ditu aerosorgailu erraldoien besoak Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo mendietan mugiaraziko. Han abiatzekoa zen multinazionalen eta energia funtsen proiektua bertan behera geratu baita.
Oraingoan haizea aldeko. Ea erre-sunda eramateko ere balio duen.