Sinesten dut etorkizuna den hezkuntzan, mundu justu, solidario eta hobearen ezinbesteko zutabean. Bai. Hezkuntzan aritu izan naiz ardura ezberdin eta urte luzetan, gustura eta saiatua guztiz, beti. Lagun eta adiskide on ugari ditut horretan ari direnak. Horietako estimatuenetan estimatuenetako bat Nafarra da, Baztandarra, Nora du izena, Salbotx Alegria bere bi abizenak: emakumea, gaztea, profesionala, balekoa, zintzoa, sindikalgintza abertzalean trebatua, benetako horietakoa, hezkuntza eraldatzeko “hik hasi”taldeko kidea, Amaiurko eskolan maistra eta hainbat ardura beregain dituena Baztan inguru zoragarrian. Nora eta biok Eusko Ikaskuntzako hezkuntza taldeko kideak izan gara beste lagun eta adiskideekin batera, Beatriz adiskide minaren aginduetan. Norak eta “hik hasi” talde osoak “jakin mina zorroztu” daukate jomuga zorrotza, benetako erronka eta helburu itxaropentsua hain zuzen. Azken uztaila honetan eta 30 urte ondoren 300 alea argitaratu ditu. Hainbat aholkulari ezagunak ditut, batzuen batzuk besteak baino hurbilagokoak, hala nola Nora Salbotx bera, eta era berean Idoia Fernandez, Juanjo Kintela eta Xabier Isasi besteren artean. Noraren artikulua erakargarria da guztiz, “Kordelaren jokoa” du izenburua eta gai jokoa, artikulu labur baina sakona benetan arretaz eta soseguz irakurri behar den horietakoa. “Soka dantza” metafora du, eta da, tresna eta erronka. Staying With du maitasun osoz bere maitasun, amorru eta pentsamenduan etorkizun harmoniatsurako hezkuntzak egiten duenaz, eta ez duenaz. Horretaz ari zaigu gure Nora. Disney eta dakarren kolonizazioa ez ditu gogoko, bai alderantziz alfabetatze ekologiko tokiratu eta ingurugiro-justiziarako eta zaintzarako begirada kritikoa.

Badago bai zer irakurri gehiago lankide ugarien eskutik: Eder Etxebarria, Ainara Gorostizu, Naiara Gorroño, Ihintza Basterretxea, Gemma LLuch, Olatz Lasagabaster, Iurgi Etxeberria, Naroa Martínez, Roberto Kerexeta eta Leire Ibarguren. Zorionak “hik hasi” eta zuri, segi horrela, bi muxu, Nora.