Badirudi, David Uclés (Ubeda, 1990) idazlearen alde edo kontra egon behar dugula. Sareek hala eskatzen dute. Errealismo magikoaren alde edo kontra.

La península de las casas vacías (2024) nobelarekin lortutako arrakasta handiaren ondoren, Nadal saria irabazi du La ciudad de las luces muertas (2026) bere azken nobelarekin.

Ez omen ditu egiten dizkioten kritikak irakurtzen. Liburuen salmentetan eta irakurleek agertzen dioten maitasunean zentratzen dela dio. Hori dela garrantzitsua, ez kritiko batek edo bik diotena.

Elkarrizketaz elkarrizketa dabil eta horietako batean galdetu diote zein den pertsonaiago: bere liburua edo autorearen inguruko esamesanak. Behin eta berriz galdetu diote, bere inguruan sortu diren polemikek nola eragiten dioten. Egile gazteak ez die galderoi garrantziarik eman nahi izan eta ez dela horietan gelditzen erantzun du. Garrantzitsuena, liburuak saltzen jarraitzea dela eta irakurleek erakusten dioten maitasuna. Hori dela, benetan, axola duena.

Baina kazetariak, berriro ere, polemikaren inguruko galderak zuzentzen dizkio. Ea adin nagusiko idazleek esandakoekin mespretxatua sentitu ote den. Eta idazleak harridura agertzen du. Bi ahotsek hau edo bestea esan dutela eta, medioek ezin diotela horri mikrofonoa jarri erantzunez.

Ohitu egin gara, ordea. Ohitu egin gara, polemika sortzen duenari ahotsa ematen, nahiz eta gutxiengoa izan, nahiz eta ahots bakarra izan. Zarata da albistea. Eta zaratak orekarik eta egiarik potoloenak ere ezbaian jartzen ditu.

Albistearen inguruko iritzi ezberdin guztiak jaso eta eskaini nahi izatetik, aho beroena eta eskrupulo gutxien dutenei mikrofonoa jartzera pasatu gara. Eta legitimitaterik handiena izan dezaketen iturriak, inolakorik ez dutenekin konparatzera eta lehian jartzera. Uclés-ek dio La península de las casas vacías liburuak bere heriotza gaindituko duela. Bera hil ostean ere, obrak zeresana ematen jarraituko duela. Literatura delako.

Orduan, akaso, gaurko polemikak ez dira gogoratuko. Baina bai, nortzuk zeuden Uclés-en alde edo kontra.