Azken gerraren mapari begiratzeak beldurra ematen du zinez: ekintza militarrak Zipreko base militar britainiarretatik Sri Lanka inguruko uretara zabaldu dira. Egia da Ziprekoa eta Sri Lankakoa (itsaspeko estatubatuar batek ontzi irandar bat torpedoz eraso zuen, eta hondoratu) salbuespenak izan daitezkeela (ez bertan hil diren lagunentzat, jakina), eta gerraren muina ez dagoela hor, baina hedatze geografiko hori hedatze orokorragoaren sinbolo ikaragarri bilakatu da: gurera ere iritsiko da gerra inflazioaren bitartez, oraingoz. Trump zoro gaiztoak Iranen suntsiketa erabatekoa nahi duela adierazi zuen, eta errendizio baldintzarik gabekora arte segituko duela bonbardaketekin. Haren jainkoaren bedeinkapena omen du, gainera, ikusi dugun argazkiaren arabera, non erlijioso batzuek Etxe Zuriko bulegoan otoitz egin baitzuten haren alde (gerraren alde?), Erromako enperadore jainkotu horietako bat izango balitz bezala. Enperadore horietako batek bere zaldia senatari izendatzen zuenean, adibidez, ondoan zituen batzuek erabakia txalotzen zuten, ergelkeria zela jakin arren, kontra egitea arriskutsua izan baitzitekeen, eta etor litezkeen sariak eta mesedeak kontuan hartzekoak.
Espainiako gobernuko presidente Pedro Sánchezek esan dio enperadoreari zaldiarena ez dela ideia ona, eta Trumpek berehala deitu dio “loser” (galtzailea), Estatu Batzuetan usu erabiltzen den hitz gorrotagarri eta neoliberalismo gordinaren sintesi biribilena. Orain, antza, beste agintari batzuk bat datoz Sánchezekin: gerra nazioarteko legearen kontrakoa da (begien bistakoa). Hala ere, Sánchezen “gerrarik ez” eslogan pobre eta merkea jo dute batzuek (Aitor Estebanek, adibidez); hauteskunde-interesak daudela tartean, ondorioak neurtu beharra dagoela eta abar. “Gerrarik ez” eslogana merkea izango da agian, baina gerraren kontra azaltzea egun hauetan inoiz baino beharrezkoagoa da, eta enperadorearen aurrean makurtzeak ondorio latzagoak ekar ditzake: zoro gaiztoei besteen makurtzeak beti iruditzen zaizkie txikiegiak.