Duela egun batzuk efemeride triste batez gogoratu ginen adinean gora goazenok. 1976ko martxoaren 24an, Jorge Rafael Videla jenerala buru zuen militar talde batek Buenos Aireseko Casa Rosa gobernuaren egoitza okupatu eta boterea indarrez hartu zuen. Egun hartatik aurrera, hegoaldeko konoaren errepresio odoltsuenetako bat eta laborriz beteriko aro latza zabaldu ziren 1983ra arte iraun zuen diktadurapean. Militar kolpistek parlamentua, alderdi politikoak eta sindikatuak eta herri-erakundeak itxi zituzten. Sasoi hartan munduak ezagutu zuen milaka eta milaka pertsona desagerrarazi zituztela militarrek, horietarik asko helikopteroetatik itsasora botata, eta gainerako guztiak, inolako urrikalpenik gabe hilak, beste askotan egin den bezala, hobi komunetan lurperatutzeko. Espainian oraindik ere badaude horrelako adibideak, eskuin politikoak argitara atera nahi ez dituenak (portzierto, egun hauetan ere, tropa frankistek egindako Azazetako fusilamenduak eta Durangoko bonbardaketa gogoan izan ditugu). Errepresio oso gogorra eta beldurgarria izan zen hemen eta han.
Oraingo Milei lerdoak nahi duen neoliberalismoa garai hartan hasi zen, eta berak bultzatzen duen estatu-terrorismoaren gaineko diskurtso errebisionistari men eginez, publikoki adierazi du ez zirela 30 mila desagertutakoak. Memoriari laido zitala egin dio sai-politiko faxista horrek. Gobernuak ez du legitimaziorik horrelakoak esateko.
Halaz ere, memoriaren politika publikoak degradatzen eta desegiten saiatzen den Mileik ikusi behar izan zuen nola milaka pertsonak ospatu zuten Memoriaren, Egiaren eta Justiziaren Eguna herrialde osoan. Maiatzeko Plazan jende elemenia bat bildu zen sarraskia gogoratzeko, justizia eskatzeko eta diktadura militarraren biktimak gogoratzeko. Askok lepotik zintzilik zeramatzaten senide edo lagun desagertuen argazkiak. Entzuten zen galdera sinplea zen: Non daude? Galdera bera toki askotan hedatzen gaur egun ere, bai eta Espainian ere. Erantzuna ez dute emango, hango gobernua negazionista izateaz gain, estatu-terrorismoa eta genozidioa goraipatzen baititu.