Arrunt bertzelakotuko zaigu hiria bihar zortzi. Aitzinera doaz prestaketa lanak. Baina, oraingoz nekez saihestu solasaldietatik etxe barneak goritu, mendi-bazterrak gorritu –eta are, kiskali ere– dizkigun bero zakarra, zerria, alimalekoa, duela pare bat aste hasitakoa. Sapa saparen gainetik. Atariak dira azken aterpea, bai eta etxabeak ere, non ez duzun etxean aire giroturik. Araudiaren arabera, ez da zilegi aire girotuaren tramankulua paratzea karrikara begira dauden balkoietan, baina araua Alde Zaharrean soilik betearazten da, gainontzeko auzoetan gero eta tramankulu gehiago ikusten baitira balkoietan.

Vianako Printzea erakundea zorrotz dabil eta ez du araua aldatu nahi, horrela hirigune historikoa itsuskerietatik babestuko duelakoan. Argi dago, eraikinak bizilagunen osasunaren gainetik jartzen dituztela. Pentsa, Udalak halako oihal handi baten bidez estali nahi izan du San Frantzisko plazako jolas-parke berria, jostaketan ari diren haurrak eguzkiaren galdatik babesteko, bertze auzo batzuetan egin bezala. Baina, kia!, Vianako Printzeak ezetz erran du, oihalak plaza itsustuko duelakoan. Bizkitartean, pentsatzekoa da Ezkabarteko sugar madarikatuek ekarritako urrina aienatu ahala eta hozberoa bere onera etorri ahala, gogoa bestara bilduko zaigula, oraindik ere jende aunitzentzat “zezena, alkate”tzat duten festak ospatzeko, 1970eko uztaileko Zeruko Argia aldizkariko azalak ekarri bezala.

Desio bat ere idatzi zuten, hots, “Sanferminak euskalduntzen saia gaitezen, premia badaukate eta”. 56 urte geroago, zorionez gauzak aldatu dira eta bada non aurkitu euskal giroa. Gune nagusietako bat, doike, Zaldiko Maldiko elkartea da: denetariko ekitaldiak egun argiz, kristala bermut tenorean, ardo ona, frijituak, etxeko zurrakapote paregabea, besta giro ederra eta jende euskaldunaren topaleku hauta.