Egia biribila da: Penintsula Iberiarra bi munduk bizi dute. Minho ugaldetik edo Elvasko marratik haratakoak eta honatakoak. Xuxurla eta neurria, han. Zalaparta eta gehiegia, hemen. Eta bai, barnean sartzen dut neure burua. Dezibelio kontutan ere hagitz espainol gertatzen gara hegoaldeko euskaldunak. Aldeak alde, orain krisiak kidetzen gaitu estatu bateko nahiz bertzeko biztanleok. Italian eta Grezian ere gertatzen ari den gisa berean, Europako Batasunak inposatutako murrizketa politika hondamendi soziala ekartzen ari da Portugalen. Eta Europako hegoaldeko herri gehienetan bezala, herritarrik kaltetuenak -eta/edo ohartuenak- karrikan dabiltza, neurri suntsigarriei aurre egin nahian. Lisboako edo Oportoko manifestazioak ez dira izaten ari Madrilgoak edo Bartzelonakoak baino tikiagoak. Igandean irakurri nuen hau ez den egunkari batean: portugaldarrak Grândola, Vila Morena kantatzen hasi dira berriz beren agerraldietan. Grândola, vila morena/Terra da fraternidade. Hainbatek gogoan izanen du oraino: 1974ko apirileko mugimendua hasteko seinalea izan zen kanta hura, diktadura zakarrontzira igortzeko iraultzaren abiapuntua. Geroztik euriak bide egin du Portugalen. Apirileko krabelinek piztutako ilusioak zimeldu zituen hurrengo hamarraldietako normalizazioak, nerabearen ametsak helduaroan urtzen diren bezalaxe. Bide beretik, zoldak estali zuen José Afonso handiaren abestia, eta museorako gai zaharkitua bilakatu. Orain, 40 urte geroago, hara non berreskuratu duten portugaldarrek, zertarako eta boikoteatzeko Europa ulertzeko modu ustel bati men egin dioten politikariak. Agintari bat non, herritarrak han, kantari. O povo é quem mais ordena/ Dentro de ti, ó cidade. Traizio egin diete; ordainean, lotsarazten dituzte, oihurik gabe, pankartarik gabe, azalpenik eman behar gabe. "Zer egin duzue gure biziarekin, zer gure ametsekin?" aurpegiratzen diete, Grândola kantatu hutsez. Inbidia diet portugaldarrei. Hemen ez dugu halako kantarik.
- Multimedia
- Servicios
- Participación