Zirrikituetatik begira

Robotak

18.12.2020 | 01:40
Robotak

Interneteko orrialde batzuetara sar-tzean, ordainketa bat egin nahi dugunean, adibidez, iruzurrak ekiditeko "Ez naiz robota" izenburua duen froga gainditu behar izaten dugu. Zein iruditan ikusten dituzu trafiko seinaleak? Markatu X batekin. Halako galderak egiten dizkigute eta irudiak markatu behar izaten ditugu, gizakiak garela frogatzeko. Horrela gizakiak garela frogatu ahal bagenu bezala.

Zenbait egoeretan, inoiz pentsatu izan dut pertsona batzuei halako froga pasatu beharko geniekela. Denda batean sartu eta egun on esan gabe saltzaileari zer nahi duten eskatzen dioten pertsonei, adibidez; edo taberna batean zerbitzariari txistu eginez deitzen diotenei; edo lan bilera bat hasi baino lehen bertan bildutakoei zelan dauden galdetzeko beharrik ikusten ez dutenei€ Ziur ez zaretela robotak? Askotan izan dut galdetzeko gogoa. Eta askotan pentsatu dut froga egin beharko geniekela ziurtatzeko gu bezalako gizakiak direla.

Izan ere, batzuek ahaztu egiten dute euren alde humanoa beste gizaki ba-tzuekin harremanetan daudenean. Edo ez dute egoki ikusten euren alde hori ager-tzea ez badaude lagun arteko harreman batean. Baina egon gaitezke akordio ekonomiko bat negoziatzen, nik dakit, baina horrek ez du esan nahi biltzen gareneko lehen minututan ezin dugunik komentatu sekulako euri zaparrada edo auto-pilaketa bat aurkitu dugula bilerarako bidean, gaur bizkarreko minez jaiki garela edo gure alaba gaixorik dagoela ohean eta bilera bukatu bezain laster deitu behar diogula€ Ez dakit, gizakiak gara, ez makinak. Eta egon beharko litzateke elementuren bat gure harremanean makinak ez garela egiaztatuko duena, ezta? Edo "Ez naiz robota" froga pasatzera behartu behar dugu jendea?

Egiaztatua daukat, gainera, aurrekoari gizaki baten modura hitz egiten diozunean, halako komentario bat eginez, adibidez, berak ere ate bat irekitzen duela, hoztasuna edo urruntasuna desagertu egiten direla, eta honek hobetu egiten duela elkarbizitza. Eta, bide batez, baita berarekin lortu nahi zenuen akordio ekonomiko hori, zergatik ez.

noticias de noticiasdenavarra