Zirrikituetatik begira

Dena sinistu

28.12.2020 | 00:34
Dena sinistu

ostiralean gurasoak bisitatzera joan nintzen. Sartu-irtena. Gabon gaueko afariaz hitz egin genuen. Nola pasatu zuten beraiek, nola guk. Zer afaldu zuten beraiek, zer guk. Eta halako batean, Espainiako erregearen hitzaldia entzun ote zuten galdetzea otu zitzaidan. Aitak ezezko bortitza buruarekin, horrelakorik ez duela behar argi utziko nahiko balu bezala. Denetik en-tzun behar dela esan nion nik, denetik jakiteko. Berak ez zuen mugitzekorik egin. Gurasoak beren egunerokotik aterako zituen gairen bat mahairatu nahian, zera adierazi nien: erregeak, bere jardun luzean, ez zuela ezer taxuzkorik esan. Ezer ez, herritar espainiarra banintz, harro sentiaraziko nindukeenik. Pentsa ezazu aita, gaineratu nion, esan zuen erreginak eta berak, urte honetan zehar, espainiarrek zein gogor lan egin duten ikusi dutela. Eta Espainiak horrela jarraitu behar duela lanean, landa eremuan, itsasoan eta industrian. Aitak bekaina okertu zuen. Berak ikusi egin du orduan€ atera zitzaion ezpain artetik, buruari gora eta behera eraginez.

Gaur, goizean goiz deitu diot aitari telefonoz eta esan diot, ostiralean erregeaz komentatu genuenaren gainean, sekulako iskanbila sortu dela. Espainiar asko eta asko borborka (eta ez Borboika) jarri direla. Ikustearen eta egitearen artean dagoen aldea salatuz: espainiarrak ez dutela lanean ikusten dituen errege bat gura, baizik eta beraiek bezala lana egingo duena, beraien esperientzia bera izango duena... Eta salaketa hauei aurre egiteko, Espainiako erregeak esan duela, esperientzia horien bila, bi bidaia egingo dituela Euskal Herrira: bata, Ordiziara, gazta bere eskuekin egiten ikastera; eta, bestea, Ondarroara, baxurako itsasontzi batean sartu eta arrain kanpaina bat egitera. Gaineratu diot aitari, Euskal Herrira bezala, erregeak aditzera eman duela beste lurralde batzuetara ere egingo dituela bidaiak, herritarren esperientzietan bustitzera.

Aita, hariaz bestaldean, isilik geratu da segundo luze batez. Gero, barre algara handi baten ostean, zera esanez eskegi dit:

Gaur dena sinistu daiteke, baina edozer ez.

Más información

noticias de noticiasdenavarra