Síguenos en redes sociales:

Euskararen aldeko aldarria Nafarroa Oinezen

ERENTZUN ETA SAN FERMIN IKASTOLEK ANTOLATUKO DUTE NAFARROA OINEZ, ‘BIDEAN BAT GARA’ LELOPEAN EUSKARA, HIZKUNTZA ESKUBIDEAK ETA ELKARLANA ERDIGUNEAN JARRIZ

Euskararen aldeko aldarria Nafarroa OinezenSAN FERMIN IKASTOLA

Ikastolen mugimenduak beste mugarri esanguratsu bat jarriko du egutegian 2026ko urriaren 18an. Egun horretan, Erentzun Ikastolak eta San Fermin Ikastolak elkarrekin antolatuko dute Nafarroa Oinez, Nafarroako euskararen aldeko festarik handiena. Zizur eta Galar artean egingo den jaialdiak izaera berezia izango du, bi ikastolen arteko lankidetzatik sortutako edizioa izango baita. Mezua, berriz, oso argia: euskararen normalizazioan aurrera egiteko garaia da.

Zentzu horretan, bi ikastolek Nafarroako egoera soziolinguistikoak kezka eta erronka handiak planteatzen jarraitzen duela nabarmendu nahi izan dute. Azken hamarkadetan euskararen ezagutzak gora egin duen arren, erabilerak ez du neurri berean egin. 2021eko datuen arabera, Nafarroan euskaldunak %14,1 dira, baina kale-erabilera %6,7ra mugatzen da. Bereziki eremu mistoan eta diskriminatuan, euskararen presentzia oraindik ere oso ahula da, eta horrek agerian uzten du normalizazioaren bidean urrats sendoagoak behar direla. Zentzu honetan, 2026ko Nafarroa Oinezek aldarri sozial eta politiko argia egin nahi du: euskararen zonifikazioa gainditzeko beharra eta euskaldunen hizkuntza eskubideak Nafarroa osoan bermatzeko exijentzia.

URRATS BAT HEZKUNTZATIK HARAGO

Testuinguru horretan, ikastolek egindako lana funtsezkotzat jo dute Oinezeko hurrengo edizioa antolatuko duten bi eragileek. Azken urteotan, gazteen artean euskararen ezagutza nabarmen handitu da, eta hezkuntza arloan egindako lanak fruituak eman ditu. Hala ere, antolatzaileen ustez, hezkuntzatik harago joan beharra dago, eta gizarte osoa inplikatuko duen jauzi kualitatiboa eman behar da, erabilera erdigunean jarriz.

2026ko edizioaren leloa, Bidean bat gara, ez da ausaz hautatua. Bi ikastolen arteko elkarlana adierazteaz gainera, euskaltzale guztiak helburu komun baten bueltan batzeko deia da. “Bi ikastola gara, baina bidean bat egiten dugu, euskara guztion hizkuntza izan dadin”, adierazi dute antolatzaileek. Helburua argia baita: euskararen alde sinesten duten guztien topagune izatea Nafarroa Oinez.

Edizio honetako irudia ere batasunaren ikur izango da. Irulegiko Eskuan oinarritutako logotipoak elkarlana, transmisioa eta konpromisoa irudikatzen ditu, bi ikastolen arteko lotura eta euskaltzale guztiei luzatutako eskua gogora ekarriz. Euskararen etorkizuna elkarrekin eraikitzen baita; bidean, bat gara. Bat gatozelako euskararen defentsan, etorkizunoparoa erein dezakegula sinisten dugulako etadenok garelako beharrezko.

Erentzun Ikastola 1978an sortu zen Vianan, guraso kooperatiba gisa, eta gaur egun D eredua eskaintzen duen erreferente bakarra da inguruan. 120 ikasle baino gehiago eta 96 familia biltzen ditu, eta euskararen eta euskal kulturaren sustapenean eragile aktiboa da herrian. San Fermin Ikastola, berriz, 1965ean sortua, Nafarroako ikastolarik handiena da, 1.500 ikasle inguruko komunitatearekin, eta heziketa integrala, berrikuntza pedagogikoa eta kudeaketa propioa uztartzen dituen proiektua garatu du urteetan zehar.

Nafarroa Oinez 2026 ez da soilik jai egun bat izango, ikastolen izaera eta konpromisoa agerian uzteko aukera bat baizik. Horregatik, ikastolek osatzen duten elkartasunezko sarea ikusgarri egin nahi da, guztiak proiektu komun baten parte direla nabarmenduz. Sei hamarkadako ibilbidean pilatutako esperientziatik abiatuta, etorkizunari begiratzen dion hezkuntza-proiektu gisa sendotu nahi da ikastolen rola, euskararen eta euskal kulturaren transmisioaren ezinbesteko zutabe direla aldarrikatuz. Era berean, herritik sortutako eta herriarentzat pentsatutako proiektu gisa,hezkuntza mugiarazle izan direla eta izango direla ere adierazi nahi dute, gizartearekiko konpromisoa ardatz hartuta.