Ikastolen Elkarteak JUUL Literatura Hauteskundeen 25. edizioa ospatu zuen atzo. Urtero, Euskal Herri osoko ikastoletako haurrek euren botoak ematen dituzte euren liburu eta ilustratzaile gogokoenen zerrenda osatzeko. Aurten, urtemuga bereziaren eskutik, bazegoen zer ospatu.

Dudarik gabe ikastoletako literatura hitzordu nagusienean bilakatu da jada JUUL, eta indartuz doa edizioak aurrera egin ahala. Aurten, euskarazko liburuentzako 14.444 boto eman dira, eta 6.822 hautesle-ikaslek parte hartu dute ilustratzaileen kategorian. Denetara, Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko 50 ikastolek parte hartu dute.

Emaitzen artean, aurreko edizioetatik lehenengo postuetan egon diren ohiko idazleen izenei, aitzitik sarituen artean sekula egondako egileen izenak ere agertu dira. Hala, errepikatu direnen artean daude Jasone Osoro, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Jon Arretxe eta Miren Agur Meabe, eta zerrendara batu diren egile berrien artean aipatzekoak dira Ainara Azpiazu Axpi, Garazi Kamio, Nerea Loiola edo Uxue Apaolaza, besteak beste.

Txikienen artean nagusitu da Axpi-ren lana, Basoan Barna (Elkar), eta haren atzetik gelditu dira Joe Todd-Stantonen Pero sagutxoa (Ttarttalo) eta Caryl Harten Nirea da! (Ibaizabal). Galdu dena, azaldu dadila (Ikaselkar) lana, Garazi Kamiorena, 6 eta 8 urte bitartekoen artean nagusitu da, Marta Azconaren Opari ezberdin bat (Pamiela) eta Miren Agur Meaberen Katta ilargirantz (Elkar) liburuen gainetik. 8 eta 10 urte arteko neska-mutilek Ibon Martinen Onin eta arimen gaua (Travel Bug) liburua bozkatu dute gehien, eta Kixkur eta Pinttoren arreba (Elkar), Iñigo Astizena; eta Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk (Pamiela), Leire Bilbaorena, izan dira bigarren eta hirugarren bozkatuenak. 10-12 urte bitartekoen kategorian Nerea Loiolaren 7G Udalekuak (Erein) nagusitu da, Estibaliz Vivancoren Argixorgin (Elkar) eta Jasone Osororen Asteburu bat eskia-tzen (Alai) liburuen aurretik. 12 eta 16 urte bitartekoek Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan (Susa) liburua aukeratu dute, eta honen atzetik gelditu dira Oihana Iguaranen Hormak (Elkar) eta Jon Arretxeren Beti Iparralderantz (Erein). Azkenik, 16 eta 18 urte bitarteko gazteek Uxue Apaolazaren Bihurguneko Nasa (Susa) bozkatu dute gehien.

Ilustratzaileen kategorian Emmanuel Montiel nagusitu da, eta honen atzetik Eider Eibar, Joseba Larratxe Josevisky, Ivan Landa eta Asier Iturralde Gaston izan dira bozkatuenak.

Emaitza guztiak juulkanpaina.eus webgunean ikusi daitezke. Aurreko urtetan bezala, bozketa egiteko erabilitako sistemak bi izan dira, hots, betiko boto-txartela eta bozketa elektronikoa. Bereziki, bozketa elektronikoko sistema erabili dutenak gazteak izan dira. Boto-emaile askok bi aukeretan parte hartu dute, hau da, liburu gustukoena zein ilustratzaile gustukoena aukeratzeko botoa eman dute.

Bozkatuen izan diren idazleei zein ilustratzaileei Nafarroako Ikastolen Elkarteak aitorpen berezia egingo die. Aurten, JUUL saria Faustino Aizkorbe artista nafarrak egina izango da, NIEk saridunei banatuko diena.

25 urteurrena

Mende laurdenaren urteurrena ospatze aldera, irudia berritu du ekimenak aurten: Aitor Ortiz de Felipek egin du hauteskundearen logoa, Arabako Laudio Ikastolako Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleek sortu dute Gau eta egun, liburuak lagun! lema eta Eider Eibarrek egin du kartela.

Antolatzaileek gogoratu bezala, martxoaren 2an Haur eta Gazte Literaturaren Nazioarteko Eguna ospa-tzen da eta 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna. “Apirila, beraz, literaturari eskainitako hilabetea da. Euskal Herriko ikastolek martxoaren 30ean ospatzen dute JUUL hauteskunde literarioen eguna, eta, horrela, bat egiten dute liburuei egiten zaien nazioarteko omenaldi honekin”. Hauteskunde hauek, ikastoletan irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko egiten diren jardueren artean kokatzen dira. “Benetako protagonista dira ikasleak, aukeraketa egiteaz gain, hauteskunde-mahaian lehendakari, mahaikide eta idazkari lanetan beraiek aritzen baitira. Horrela, hauteskunde-prozesu bat zer den ikasten dute ere bai”.