Zirraragarria izango da bihar Lesakako pilotalekuan jokatuko den Nafarroako Bertsolari Txapelketako saioa. Badira horretarako arrazoiak, izan ere, azken finalaurrekoa izanen da, eta honen ondoren jakingo da zeintzuk izanen diren abenduaren 2an Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finala osatuko duten zortzi bertsolariak. Oraingoz bi bertsolarik lortu dute finalerako pasea: Saioa Alkaizak eta Julio Sotok. Hauekin batera, gaurko saioaren irabazlea eta puntuazio bidez sailkatuko diren beste bost bertsolari izanen dira zortzikotea osatuko dutenak.

17:30ean abiatuko da Lesakako saioa eta ordubete lehenago irekiko dira ateak, duela astebete baino gehiago sarrera guztiak agortu zituzten zaleei harrera egiteko. Kantuan, Joanes Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Eki Mateorena Zozaia, Mikel Lasarte Cia eta Beñat Astiz Isasi ariko dira. Gai-jartzaile lanetan Alaitz Rekondo ariko da, eta epaile, berriz, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena.

Sarrera guztiak agortuta daude pasa den astetik, baina bertaratu ezin direnek interneten jarraitu ahalko dute finalaurerkoa, zuzenean. Izan ere, www.bertsoa.eus atariak streaming bidez eskainiko du saioaren emankizuna.

Erran bezala, Alkaizak eta Sotok egokitu zitzaien finalaurrekoetan irabazita eskuratu zuten finalerako pase zuzena. Sailkapen orokorrari begiratuta, Sotoren ondotik Xabat Illarregik dauka puntuazio altuena, 529,50; eta Ekhiñe Zapiain kokatzen da zazpigarren postuan, 464 punturekin. Lesakako finalaurreko bertsolariek euren onena eman beharko dute bihar, saio irabazi edo puntuazio tarte horren barrenean ahal bezain emaitza hoberena lortzeko, finalera ailegatu nahi badute.

Finalerako sarrerak oraindik eskuragai daude bertsosarrerak.eus webgunean.

3. finalaurrekoa

Igande honetan, Lesakako pilotalekuan, 17:30ean. Joanes Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Eki Mateorena, Mikel Lasarte eta Beñat Astiz. Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo