Bere seigarren txapela jantzi zuen Julio Sotok abenduaren 2an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian ospatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako 46. edizioko finalean. Ordutik egun batzuk pasa direnean, oraindik ere zirrararekin gogoratzen du bertsolari iruindarrak azken saioa. Ez da gutxirako, izan ere, inoizko Nafarroako final jendetsuena izan zen, Anaitasuna lepo bete zuten 2350 ikuslerekin. Oholtzan, Sotorekin batera aritu ziren Eneko Lazkoz, Saioa Alkaiza, Joanes eta Xabat Illarregi, Josu Sanjurjo, Saats Karasatorre eta Sarai Robles aritu ziren. Denek ala denek saio ona egitea lortu zuten: Sotok jantzi zuen txapela, baina garaipena zortziena izan zen.

Zer sentitu zenuen Ainhoa Larretxeak txapelduna iragarri zuenean?

Oraindik ere hunkitu egiten naiz gogoratzerakoan. Ez nekien zeinen izena esango zuen Ainhoak, eta Julio esan zuenean, negar betean hasi nintzen. Barruan neuzkan emozio pilatu asko malko horien bitartez atera ziren. Azken urteotako txapelketak nahiko segidan etorri dira eta ez dira errazak izan. Beteta gelditu nintzen, malkoz hustu nintzen bezala.

Oro har, final osoan zehar lasai, patxadaz aritu zinenaren sentsazioa izan genuen bertan geundenok. Hala izan zen?

Buruz argi nenbilen, oso lasai, eta nire buruarekin bakean nengoen. Bertsoan egiteko aldarte ona topatu nuen, eta arratsaldeak aurrera egin ahala kontzentrazioa mantentzea lortu nuen. Arratsaldea, hasi eta buka, ongi egin duzula ohartzen zarenean, eta txapel bat janzten dizutenean, ezin duzu gehiago eskatu. Hilabete askotan egin duzun lan horren guztiaren pilaketa askatzen duzu momentu horretan. 

Anaitasunak eztanda egin zuen zure izena entzun zuenean…

Bai, ni beti sentitu izan naiz oso maitatua Nafarroan, beti sentitu izan dut bertsozaleengatik halako maitasun eta babesa. Urtez urte, noski, ezin da intentsitate berean jaso maitasun hori, bertsolari berriak agertzen direlako eta jendeak ere zerbait berria bilatzen du. Ni oso entzuna naiz oholtza horretan eta, normala den bezala, beste zeozer nahi du jendeak. Oraingoan, berriz ere jaso nuen publikoaren aupada, hasieratik bertatik. Oso eskertuta nago. 

Gainera, inoiz baino beteagoa zegoen Anaitasuna: 2350 ikusle, Nafarroako finalik jendetsuena.

2006a izan zen nire lehenengo finala, Elizondoko Lur aretoan. 700 bertsozale inguru bildu ziren orduko hartan. Pentsa nola aldatu ziren gauzak. Guretzat izugarria da nola bertsozalea gero eta anitzagoa eta gazteagoa den, bestalde. Uste dut lotuta dagoela ere oholtza gainean ematen ari den iraultza batekin. Oholtza gaineko maila igoera eta aniztasun berri hau gabe, hain kolore gaztea duena, oholtzapekoa uste dut ez zela emango. Eskutik doaz. Finalaren egunean, aldageletatik oholtza gainera gindoazela, publikoari begirada bat eman nion eta azala oilo-pikortu zitzaidan. Kontzienteki, saiatu nintzen oholtzara bidean, neure baitan bilduta joan beharrean, publikoari begira joaten. Irudi horiek sekula, ahal bada, ez ahazteko. Betekada izugarria izan zen. 

Zortzigarren aulkian esertzea tokatu zitzaizun zozketan. Leku zaila da?

Zenbaki bakoitzak badu berea. Lehena izateak ere badu, normalean bertsolariok ez dugu lehena izatea tokatzea nahi izaten. Egia da zu ongi baldin bazaude, zentratuta, lehenbizikoa izan edo azkena izan, normalean ongi egingo duzula bertsotan. Baina zortzigarrenak, lehenak bezala, kontzentrazioari eusteko lan gehigarri bat du. Hala ere, ni oso gustura egon nintzen finalean, eta ez nuke aldatuko zortzigarren zenbaki hura. 

Gizarte langilea, pilota partida batetako ikusle patxadatsua, Palestinaren aldeko ekintzailea, fabrikako langilea, nerabe masail-gorritua… Gaiei dagokienez, eroso sentitu zinen egokitutakoarekin? 

Bai, suerte handia izan nuen gaiekin, zeharkatzen nindutelako gehienek. Hori ere gertatu egiten da, eta batentzat gai batzuk besteak baino egokiagoak izan daitezke, nahiz eta bertsolaria ongi dagoenean, normalean, gai guztietatik ateratzen den ongi. Ganbarako gaian, buruz-burukoan, nik hautatu edo eraiki nuen pertsonaia, baina gaia oso ona zen. Hau esanda, aipatu nahi nuke Nafarroako finaleko gai egileen lana oso ona izan zela, maila handia izan da gaietan. Eskertu egin behar zaie erakutsi duten ausardia eta egin duten lana. 

“Masailak gorritu zaizkizu” gaiak helduleku asko eskaintzen zituen.

Bai. Masailak gorritu zaizkizu inoiz entzun dudan gairik onenetakoa da. Gero, norberak egin behar du, noski. Baina geroztik ere pentsatzen aritu naiz nondik gehiagotik hartu nezakeen gai hori eta etorri zaizkidan bideak eta aukerak oso onak eta oso gustagarriak izan dira. Esateko moduan: bi urte barru jarri ezazue berriz gai hau. Gai oso ona zen. 

Finalak taldean irabazteko saioa izan behar zuela aipatu zuen Saats Karasatorrek finalaren aurreko egunetan. Hala izan zen?

Bai, hala izan zen. Honi buruz ez dugu hitz egin, baina zerbaitekin pozik egon behar badugu horrekin da: elkar zaintzen asmatu genuela. Talde bezala elkar zaindu genuen. Eta ez da beti horrela izaten. Norberak bere egotxoa dauka, denok daukagu irabazi nahi bat… Eta hor, batzuetan, galdu egiten gara. Ahazten zaigu gurea, bai, lehia bat dela, baina horren gainetik proiektu kolektibo bat dela, proiektu linguistiko eta kultural bat aurrera ateratzeko ale bat jartzera goazela eta elkar zaindu behar dugula. Bertsoa elkar zaintzan oinarritzen delako, astebururo, eta txapelketan gauza bera izan behar du. Final honetan hala izan zen, ondokoak ongi egin nahi bat bazegoen. Oso pozik nago horrekin. 

Seigarren txapela duzu hauxe, aurretik eskuratu baitituzu 2010, 2011, 2015, 2017 eta 2019koak ere. Txapel bakoitza berezia da, ezberdina. Zein da txapel honek zuretzat duen erranahia?

Txapel honek poza esan nahi du. Poza eta, lehen esan dizudan hitz bat berreskuratuz, bakea. Bertsotan, hasieratik bukaerara, egin dezakedanetik nahiko hurbil egin nuen. Beti badaude hobetzeko gauzak eta alanbre gainean ere ibili nintzen, baina, nolabait, jendeari esan ahal izan nion: nik, bertsotan, hau egin dezaket eta hau egin nahi nuke. Hori eginda eseri nintzen, neure buruarekin guztiz bakean. Irabazi ditut txapelak euforiatik, inoiz lasai gelditu gabe ere, dolutik ere jantzi izan dut txapelen bat, dolua bukatu gabe ere… Baketik eta oso asebeteta gelditu naizen txapela izan da hau. 

18 urte zenuen lehenengo finalean aritu zinenean. Orduko Julio Soto honakoaren arras desberdina bada…

Egia esatea nahi baduzu, gaur lotsa ematen dit nolakoa nintzen gogoratze hutsak. Iragana ezin da aldatu eta hori ere izan nintzen ni, hori beti izango da horrela. Gazte lotsagabe eta batzuetan atrebituegia nintzen. Egolatragoa ere. Hori ere ez zait batere gustatzen egungo begietatik, baina hala nintzen. Zorionez, urteak aurrera joan bezala ni ere aldatuz joan naiz, bizitzak aldatu nau, eta gaur gusturago nago orain sentitzen dudanarekin eta bizitza ikusteko dudan moduarekin. 

Bertsolari bezala zein puntutan zaudela erranen zenuke?

Esango nuke neure punturik onenean nagoela. Kontziente naiz oraindik ere hobetzeko asko dudala eta, batez ere, neure burua kokatzeko beharra dudala. Azken batean, erabat aldatu egiten da gure ingurua, iraultza txiki asko gertatzen dira eta horrek kokatze lan bat eskatzen du. Orain ohartzen naiz oholtza gainean gizon bat naizela, lehen ez nintzen horretaz kontziente; gizon zuri bat naizela, gizon zuri euskaldun bat, aberatsa naizela... Hortik begiratu beharra diot bertsoari eta munduari, eta hor ari naiz ikasten. Eta ikasten ari naiz oraindik gabeziak dauzkadalako. Nire zutabe diren termino horietan, batzuetan konturatzen naiz galdu xamar nagoela munduaren aurrean, eta kokatzeko lan handia dut oraindik. Gero eta bertsolari hobea naizela ere konturatzen naiz, eta sinetsi nahi nuke nire punturik onenean nagoela, bai artistikoki, bai emozionalki ere. Aspaldiko partez, uste dut bertsoarekin berriz ere harreman oso goxo bat, bakezko bat eta alai bat dudala. Disfrutatzen ari naiz berriz ere. 

Distantzia hartzea beharrezkoa izan da une honetara ailegatzeko?

Bai. Hasierako Julio gazte eta lotsagabe hartatik, bertsoarekin harreman ilunago eta, esan dezagun, kopeta-beltzago bat izatera pasa nintzen, eta bertsoarekin transmititzen nuena ere ilunegia zen. Kosta zait, baina adiskidetzea lortu dut berriz. Azken Euskal Herrikoan hasi nuen berradiskidetze bide hori eta Nafarroako honetan iritsi naizela uste dut. Bakean eta pozik nago gaur bertsoarekin.