Pedro Miguel Etxenike zientzialariak (Izaba, 1950) Nafarroako Ikastolen Elkartearen NIE Saria jaso du ostegun honetan. Elena Zabaleta NIEko lehendakariak azpimarratu duen bezala, “asko dira” Etxenikeri aitortza ematearen arrazoiak: “Besteak beste, zientziari egindako ekarpen eta ikerketa-lan guztiagatik, euskarari eman dion tokia eta erabilera bultzatzeagatik, zientzia euskaraz ikasi, landu, ikertu eta honen erabilpena modu ausartean defendatzeagatik, hezkuntzari eskainitako gogoeta eta artikuluengatik, ikasleen izaera kritikoa eta egungo ikasleen ikasketa prozesua modu errealean maisuki ezagutu eta adierazteagatik eta ikastolen mugimenduaren aldeko bere konpromiso irmoagatik”.

Asko izan dira NIE-ren egoitzan ospatutako ekitaldiari hutsik egin ez diotenak, tartean baita ordezkaritza instituzionala ere. Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde;; Euskarabideko zuzendari-gerentea, Jabi Arakama; eta Pedro Miguel Etxenikeren familia eta lagunak bertan egon dira, baita Nafarroako Ikastolen ordezkaritza ere, hala nola beste edizio batzuetan sarituak izandako Carlos Garaikoetxea eta Mirentxu Purroy. Ekitaldian Paz de Zigandako haurren abesbatzak eta Ainhoa Egizabal dantzariak parte hartu dute.

Ibilbide bat zientziari lotuta

“Luzea izango litzateke Pedro Miguel Etxenikeren curriculuma errepasatzea”, abiatu du hitzaldia Zabaletak. “Ibilbide luzea denboran eta espazioan, bilakaeran eta kausalitatean, eta tituluz, sariz, karguz eta argitalpenez, ideiez eta esperientziez, ziurtasunez eta zalantzaz jositako bidea du”. Zientzialariarena sari eta errekonozimenduz betetako bidea izan da, tartean Vianako Printzea Kultura saria, Izabako Seme kutuna, Manuel de Irujo saria, NUPeko honoris causa Doktorea, Nafarroako Urrezko Domina. Eta, baita 1998an Euskaldun Unibertsala, Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege akademiko numerarioa, Fisikako Max Planck Saria eta Ikerketa Zientifiko-Teknikoko Asturiasko Printzea Saria ere.

Zabaletak gogoratu bezala, Etxenikek, ikastolek bezala, “mundura irekitzea aldarrikatzen du, sustraiak ahaztu gabe”. “Sarritan entzun diogu errepikatzen hezkuntza dela herrialde baten, gizarte baten eta gurea bezalako herrialde baten etorkizuneko inbertsiorik onena, eta munduan kalitatez eta hezkuntza lehenetsiz baino ezin duela lehiatu”. Bere esanetan, “munduan badira teknologia eta ezagutza ekarri duten kulturak, baina Europak munduari egiten dion ekarpena giza eskubideak dira eta hor sartzen da hezkuntzarako eskubidea”.